Xabier Iturbe presidente hautatzeak ez ditu lasaitu Euskalteleko langileak

«Betikoek agintzen jarraitzen dute», gogorarazi du langile batzordeko lehendakariak. Jaurlaritzak akzioak erosteko eskatu du EH Bilduk

Iker Aranburu.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Xabier Iturbe Kutxabankeko presidenteordea enpresako lehendakari izendatuta, lasaitasun mezu bat zabaldu nahi izan du Euskaltelek. Enpresak Euskal Herrian errotuta jarraituko duela eta bertako akziodunek oraindik ere indarra dutela. Mezu hori txalotu duenik bada —«balio sinboliko handia» duela nabarmendu du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak—, baina badira hotz utzi dituenak ere, haien artean langileen ordezkariak. «Ez du langile taldea lasaitzen [...], presidente kargua ez delako exekutiboa. Betikoek agintzen dute», ziurtatu du Javier del Blanco (CCOO) Euskalteleko langile batzordeko buruak.

Urak harrotuta dabiltza Euskaltelen Zegona inbertsio funts britainiarra akziodun nagusi bilakatu zenetik eta enpresaren gidaritza hartu zuenetik. Funts horren helburu aitortua da Euskaltelen negozioa egitea, hau da, akzioak saltzea erosi zituen prezioan baino garestiago. Oraindik urrun dago helburu horretatik: akzioen lehen zatia, ia %15, 9,5 euroan ordaindu zituen, eta atzo 8,26 euroan itxi zuten kotizazioa. Egia da urte hasieran berriro akzioak erosteari ekin zionean prezio merkeagoa ordaindu zuela—zortzi euro inguru—, baina oraindik asko falta zaio inbertsioa berreskuratu eta irabazi bat egin ahal izateko. Horretarako bidea da enpresaren gastuak txikitzea—arduradun eta erdiko karguak botaz estreinatu zuen kargua Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariak—, eta hedapen baten bidez irabaziak handitzea eta balizko erosleen begietara erakargarriagoa bilakatzea. Hedapen hori finantzatzeko zuntz optikoaren sarea saltzeko aukera dagoela aipatu du Eamonn O'Hare Zegonako buruak, baina oraingoz horretarako asmorik ez duela ziurtatu du Garciak.

Iragarpen horrek ez zituen langileen ordezkariak asebete, eta Iturberen izendapenak ere ez du ezinegona baretu. «Enpresak norabidea aldatu behar du», uste du Del Blancok. Epe motzean irabaziak handitzen saiatu beharrean, «negozio planak epe erdirako eta luzerako ikusmoldea izan behar du».

EH Bilduren eskaera

Agintarien eta alderdi politikoen artean, iritzi desberdinak sortu ditu Iturbe izendatzeak. Markel Olanok esan du «berri paregabea» dela Euskaltel Euskal Herrian errotuta jarraitzeko. Iturberen «lidergorako gaitasuna» nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Radio Euskadin.

EH Bilduren iritziz, berriz, «operazio kosmetikoa» izan da, «enpresak iritzi publikoaren aurrean galdu duen irudia konpentsatzeko». Iker Casanova legebiltzarkidearen arabera, norabidea aldatu behar du Euskaltelek, eta horretarako beharrezkoa da Jaurlaritzak telefonia enpresaren akzio kopuru «nahikoa eta esanguratsua» erostea Finkatuz funtsaren bidez, «haren komunikazio sarea [...] eta balio erantsi teknologiko guztiak enpresan bertan geratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.