Bruselak lehiaren arauak malgutuko ditu, Txinako enpresei sarbidea zailtzeko

Laguntza publiko handiak dituzten kanpoko enpresek EBko konpainiak erostea eragotzi nahi du. Frantziak begi onez hartu du jarrera aldaketa

Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioa, azaro amaieran. PHILIP DAVALI / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Lehia librearen dogma pixka bat arintzeko asmotan dago Europako Batzordea. Enpresei laguntza publikoak ematea oso zorrozki kontrolatu du Bruselak, eta enpresen hainbat bat egite blokeatu ditu, lehiakide txikiagoei kalte egingo zietela argudiatuta. EBk printzipio horiei eutsiko die aurrerantzean ere, baina ñabardurak egingo dizkie, Txinako enpresa publikoei eta erdi-publikoei Europako industriaren ateak itxi ahal izateko.

Margrethe Vestager Lehia komisarioa izan da azken bost urteetan Bruselaren zorroztasun liberalaren aurpegia. Hein handi batean, jarrera horri esker lortu du saria: Ursula von der Leyenen batzordean lehendakariordea da Danimarkako politikaria, eta lehiaz ez ezik, digitalizazioaz ere arduratuko da orain. Kargua hartu berritan, hari dagokio orain ziaboga egitea.

Azken egunotan egindako adierazpenetan, Vestagerrek onartu du tresnak lantzen ari direla EBz kanpoko enpresa publikoen esku hartzea mugatzeko. Txinako enpresa publikoak espresuki aipatu gabe, haien ohiko jokamolde bat geratu beharra aipatu du: kutxa publiko sakonak erabiltzea beste balizko erosleek baino eskaintza handiagoak egiteko.

Vestagerrek ontzat jo du Herbehereetako Gobernuaren proposamen jakin bat. Haren arabera, Europako Batzordeak ikerketak zabaldu ahal izango ditu enpresa batek laguntza publikoen eskutik merkatua «distortsionatu» egiten badu, eta bere jatorriko merkatuan «gehiegizko irabaziak» lortzen baditu oso nagusi delako.

Txapeldun europarrak

Batzordearen malgutasuna Frantziak eskertuko du bereziki. Izan ere, Parisko gobernua aspaldi kexu da lehiari buruzko araudi zorrotzak eragotzi egiten duela «txapeldun europarren» sorrera. Adibide sonatuena Alstomen eta Siemensen tren adarren arteko fusioa da; Vestagerrek eten egin zuen, uste baitzuen indartsuegia izango zela haren lehiakide europarrentzat. Frantziako eta Alemaniako gobernuek atsekabez hartu zuten debekua, eta adierazi zuten Bruselak ikuspuntua aldatu behar zuela, gehiago pentsatu behar zuela nazioarteko merkatuetako lehian, eta gutxiago Europako kontsumitzaileengan. Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroak txalotu egin ditu Vestagerren adierazpenak:«Erakutsi du lehia politika aldatu behar dela AEBei eta Txinari aurre egiteko». Baina Vestagerren erantzunak erakusten du Parisek ez lukeela askorik espero behar, iradoki baitu araudi berrituarekin ere Siemensen eta Alstomen bat egitea debekatuko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.