Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi du Ezkio eta Itsaso bereizteko prozesua

Epaiaren arabera, Itsasok ez du betetzen legeak ezarritako baldintza: gutxienez 5.000 biztante izatea. Aldundiak dio lanean jarraituko duela

Ezkio eta Itsaso banatzeko 2016an egindako galdeketa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Ezkio eta Itsaso (Gipuzkoa) bereizteko prozesua. Gipuzkoako Foru Aldundiak ontzat eman zuen prozesu hori foru dekretu baten bidez, baina orain Gorenak baliorik gabe utzi du, udalerri berriak ez duelako betetzen gutxienez 5.000 biztanle izateko baldintza.

Itsasok 165 biztanle zituen 2016an, eta Ezkio-Itsaso udalerriak 2017an, denera, 613. Horregatik, Espainiako Auzitegi Goreneko 3. salak aintzat hartu du Estatuko Administrazio Orokorrak jarritako errekurtsoa, eta prozesua baliorik gabe utzi.

2017an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen errekurtso hori, argudiatuta Estatuko Administrazio Orokorrak ez zuela foru dekretuari aurka egiteko legitimazio prozesalik, baina orain Gorenak baliorik gabe utzi du epai hura.

Ebazpenak aipatzen duen baldintza ez dator bat Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2003an onartutako arauarekin. Madrilek gutxienez 5.000 biztanle eskatzen ditu udalerri berrirako, eta foru arauak, ordea, 2.500. Itsasok ez luke kopuru hori ere beteko, baina neurriak salbuetsi egiten ditu frankismo garaian herri borondaterik gabe elkartutako herriak. Hori litzateke Ezkio eta Itsasoren kasua, eta neurri horrekin sortu ziren beste zenbait udalerri ere: Leaburu, Altzaga, Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain (Gipizkoa).

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du lanean jarraituko duela orain arte bezala Itsasoko herritarren eskaria bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.