Lehen frogen arabera, Angeluko sutea ez zen «jatorri naturalekoa» izan

Baionako auzitegiak inkesta bat abiatu du, eta sua giza jatorrikoa dela adierazi dute lehen frogek. Ikertzeko dago nahita piztua izan ote zen

Sutearen ondorioak Xibertako oihanean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Angeluko (Lapurdi) Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen iragan ostegun arratsaldean, eta, beroaren, lehortearen eta haizearen ondorioz, arrunt hedatu ziren garrak. Basoaren zati handi bat kiskali zuen suak, ehun hektarea inguru —beste 65 ere hondatu ditu—, eta sua nola piztu zen jakiteko inkesta bat abiatu du Baionako auzitegiak. Lehen frogen arabera, suak ez du jatorri «naturalik» izan, baina oraindik frogatzeko dago istripu batengatik edo giza borondatez piztu zen. Suhiltzaileak Angeluko oihana zaintzen ari dira geroztik, «badaezpada», nahiz eta sua berriz pizteko arriskurik ez duten ikusten.

Orok Bat kirol zelaiaren ondoan hasi zen sua, eta iragan larunbatean Tolosatik eta Marseillatik (Okzitania) etorritako polizia unitate bereziak egon ziren han: suaren jatorria jakiteko frogak aztertzen ari dira. Lehen zantzuen arabera, ez dute ez aire gaiztoak ez kable elektriko batek eragin sutea. Giza esku-hartzea gertatu dela esan nahi du horrek, inkestaren arabera. Zehaztu dutenez, zigarreta mutur batengatik edo berinezko botila batengatik piztu ahal izan da sutea: istripuz, beraz. Ikertzeko dago hala izan ote zen.

Sutean 11 etxe kaltetu ziren; bost etxebizitza han ez inor bizitzeko eran geratu ziren; hiru, arrunt kiskalita. Herriko auzapez Claude Oliveren arabera, «drama bat da, katastrofe bat».

Auzapezak jakinarazi du oihana berriz landatuko dutela, «arrisku guztiak saihestuz». Suak kiskali zuen Izadia parke ekologikoa ere berriz landatuko dutela segurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.