GUFEk Bizkaiko gizarte laguntzako zentroen pribatizazioa salatu du

Zaharrentzako zentroetan 10.748 leku daude, eta, langileek azaldu dutenez, horietatik %2,6k dute kudeaketa publikoa

Bizkaiko Batzar Nagusietako saioa, atzo. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gizarte laguntza zerbitzuen pribatizazioa eta zentroen itxiera eragina izaten ari dira haietan ematen duten eskaintzaren «prekarizazioan eta degradazioan». GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langile batzordeko kideek egin zuten salaketa hori atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Zerbitzuon kudeaketa publikoa eta zuzena egiteko eskatu zioten aldundiari. Ohartarazi zuten zerbitzu publikoen kudeaketa kanpora ateratzen denean «zerbitzuaren kalitatea eta langileen baldintzak kaskartu» egiten direla.

Gizarte laguntzako aldundiaren zerbitzuak hiru kolektibo artatzen ditu: haurrak eta nerabeak, urritasunen bat duten pertsonak, eta zaharrak. Gaztetxoenentzako zentroetan 818 toki ditu aldundiak, eta horietatik %13,5ek dute kudeaketa publikoa, langileen ordezkariek jakinarazi dutenez. «Programa batzuk, gainera, kudeaketa pribatuaren esku daude osorik». Haur eta nerabeei bideratutako zentro publikoak apurka ixten ari direla esan dute, eta pribatuak ugaritzen.

Urritasunen bat dutenentzako gizarte laguntzako zentroetan, bestalde, 1.196 leku daude, eta horietatik %23 dira publikoak. Larria iruditu zaie, gainera, Lugorri zentroa itxi izana.

Adinekoentzako egoitzetan, berriz, 10.748 toki daude, eta horietatik %2,6 kudeatzendituzte GUFEko beharginek. Bizkaian 154 egoitza daude, eta horietatik bik besterik ezdute kudeaketa publikoa. Langileek salatu dute gero eta ohe gutxiago daudela egoitza publikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.