Osasun krisiak lan baldintzak okertu dituela salatu dute Iparraldean

400 lagun bildu dira Baionan, sektore publikokoak zein pribatukoak, CGT, FSU, Solidaires eta LABek deituta. Lan sektore anitzen artekoa izan da greba eguna

Manifestazioa egin zuten sindikatuek atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Elixabet Klanac - Oihana Teyseyre Koskarat
Baiona
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Lan sektoreek bakoitzak bere aldetik egin dituzte manifestazioak azken asteotan, lan baldintzen txartzea eta osasun krisiaren kudeaketa salatzeko. Atzo, berriz, arlo ezberdinetako langileek elkarrekin egin zuten protesta Baionan, CGT, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek deituta. Greba eguna izan zuten arlo pribatuko zein publikoko langileek, eta ehunka lagun atera ziren karrikara. Irakasleak, osasun langileak, aeronautika sektorekoak, tren gidariak eta beste hainbat arlo ordezkatuak izan ziren.

Nahia Etxeberria erizain laguntzailea da Arbonan (Lapurdi). «Gure lansarien emendatzea eskatzen dugu. Arlo mediko-soziala arrunt ahantzia da: ospitalea anitz aipatzen da, zahar etxeak ere, baina elbarrien egiturak bazter utziak dira», salatu zuen.

Donibane Garaziko Navarre lizeoan egiten du lan Amaia Boloki irakasle eta LABeko kideak. Hark ere, Etxeberriak bezala, greba egin zuen. Azken bi urteetan plantan ezarritako lizeoetako erreforma jarri zuen jomugan. «Duela zenbait urte salatu genituen erreformak gauzatzen ari dira, hala nola lizeoetakoa. Salatu nahi dugu lekuan lekuko ondorioak badituztela Frantziako Gobernuaren erreformek», azaldu zuen Bolokik. Bestalde, Lora Lazkano haren lankideak deitoratu zuen ez izatea «nahikoa baliabide» krisi sanitarioak ikastetxeetara ekarritako neurriak gauzatzeko».

Baliabide eskasia

LAB sindikatuko bozeramaile Eñaut Aramendik Frantziako gobernu desberdinek «kendu» dituzten zerbitzu publikoak aipatu zituen. Haren ustez, osasungintza publiko «indartsu» bat behar da: «Gure lehentasuna da, segurtatzea edozein birusen aitzin, behar diren zerbitzu publikoak izatea, bai irakaskuntzan, bai osasungintzan; bai eta bizitza normal batean ere, ez konfinamendu garaian edo etxeratze agindupean bakarrik».

CGT eta FSU sindikatuek ere baliabide gehiagoren beharra azpimarratu zuten. «Baliabideak ezarri behar dira hezkuntzan, gazteek lana atzemateko. Funtzio publikoan ere inbertitu behar da; ikerketarako ere baliabideak beharrezkoak dira». Krisiari aurre egiteko Frantziako Gobernuakhartutako neurriek «askatasun indibidualak arriskuan jartzen» dituztela erran zuten, bestalde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.