Petronor zigortuko dute, koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik

Ingurumen Ministerioaren baimena falta zuten. Meatzaldea Bizirik-ek eskatu dio enpresari planta eraisteko eta diru publikoa bueltatzeko

Meatzaldea Bizirik plataformako kideak atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Ingurumen Ministerioak zigor espedientea abiatu du Petronorren aurka, Muskizko (Bizkaia) koke planta baimenik gabe eraikitzeagatik. Hala azaldu zuen atzo Meatzaldea Bizirik talde ekologistak, Bilbon egindako prentsaurreko batean. Konponbiderako bidea eraikina «eraistea» dela uste du plataformak.

Duela hamar urte baino gehiago hasi zen auzia. 2008an eraiki zuten Petronorren koke planta, Eusko Jaurlaritzaren eta Muskizko Udalaren baimenarekin. Jaurlaritzak «modu esanguratsuan kutsatuko ez zuelakoan» baimendu zuen. Muskiz kostan egonda, ordea, beste baimen bat ere behar zuten: Espainiako Ingurumen Ministerioarena. Horren onespenik gabe egin zuten aurrera.

Gertakari horri aurre egiteko, «udal erantzukizuna» azpimarratu zuen Iñaki San Miguel Meatzaldea Bizirik taldeko kideak: «Koke lantegiaren eraikuntza baimendu zutenetako bat Muskizko alkateordea da egun».

Petrolio isuria

Aurreko igandean azaleratu zen gaia berriro, auzokideekpetrolio isuriak salatu baitzituzten. Sara Ibañez Meatzaldea Bizirik plataformako kidearen ustez, enpresak garrantzia kendu nahi die isuri horiei: «Guk ez ikustea nahi dute, eta dena kontrolpean dagoela diote. Baina ezinezkoa da: aurrez aurre daukagu».

Izan ere, isuria begiz ikus zitekeen: beltzez zikindutako erreka eta hondartzen argazkiak zabaldu dira sare sozialetan. «Galipota errekara heldu bada, jarioa handia izan delako heldu da. Bertako usain txarra izugarria zen, eta astelehenera arte ere iraun zuen», esan zuen Ibañezek.

Plataformaren arabera, larunbat goizean izan zuten isuriaren berri, auzokide baten bidez. Baina, 13ko goizean ikusi bazuten ere, ostiralean isuri zela uste dute ekologistek: «Airearen kalitatea neurtzen duen gailuak 12:00etan utzi zion datuak erregistratzeari; astelehenera arte egon da kalitatearen berri eman gabe. Kabina hori Petronorrek kontrolatzen du; beraz, litekeena da isuria ostiralean bertan gertatu izana».

Cristina Alvarez plataforma ekologistaren abokatuaren hitzetan, prozesu judiziala «luzea» eta «gogorra» izaten ari da, baina auzia irabazteko aukera handia dute. Koke planta eraisteko eta erabilitako diru publikoa itzultzeko eskatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.