Bederatzi preso palestinar gose greban, atxiloketa administratiboaren aurka

Egun 550 palestinar daude atxiloketa administratiboan. Israelek Gaza bonbardatu du asteburuan, eta Egiptok Rafahko muga itxi du

Palestinako manifestariak Gazaren eta Israelen arteko mugan, iragan larunbatean. MOHAMMED SABER / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Palestinako bederatzi preso gose greban daude atxiloketa administratiboaren aurka. Salem Ziadat presoak ekin zion protestari lehendabizi, duela 42 egun, eta haren atzetik beste zortzi preso batu dira grebara: Mujahed Hamed (40 egun), Kaied Fasfus (39), Mokdad Qawasma (32), Ahmad Hamamra (23), Akram Fasfus (hemezortzi), Alaa al-Araj (hamabost), Hisham abu-Hawash (sei) eta Omar Jaabary (bost). Palestinako Atxilotuen eta Atxilotu Oihen Gaien Batzordeak ohartarazi du grebalarietako batzuek osasun arazoak dituztela jada.

Atxiloketa administratiboaren legeak bide ematen dio Israelgo Gobernuari palestinarrak kargurik eta epaiketarik gabe atxilotzeko. Argitara ateratzen ez dituzten frogetan oinarrituta, presoek hiru eta sei hilabete arteko espetxe zigorrak jaso ditzakete, baina Israelgo agintariek nahi adina aldiz berritu ditzakete zigor horiek. Horrez gain, atxilo eramaten dituzten pertsonen abokatuek debekatuta daukate presoen aurkako frogen berri izatea.

Nazioarteko zuzenbideak debekatu egiten du atxiloketa administratiboa modu orokor eta sistematikoan erabiltzea, baina Israelgo Gobernuak sarri baliatzen du palestinarren aurkako tresna gisa. Hain zuzen, grebalariek neurria indargabetzeko eskatu dute. Palestinako Addameer Atxilotuen Babeserako eta Giza Eskubideen Elkartearen arabera, egun 550 palestinar inguru daude atxiloketa administratiboagatik preso; gehienak giza eskubideen aldeko ekintzaileak, unibertsitateko ikasleak, abokatuak eta atxilotuen senitartekoak dira.

Gainera, Israelgo armadak Hamas mugimendu islamistaren ustezko biltegiak bonbardatu zituen igandeko ordu txikitan, Gazan. Israelgo Poliziak adierazi zuen armadaren hegazkinek Hamaseko kideek armak egiteko eta gordetzeko baliatzen dituzten lau guneri eraso zietela, eta nabarmendu zuen leherketek ez zutela ez zauriturik, ez hildakorik eragin. Hala ere, asteburuko erasoak iragan maiatzeko bonbardaketatik izandako larrienak dira.

Aire bidezko erasoa larunbateko liskarren ostean iritsi zen. Ehunka palestinar kalera irten ziren duela 52 urte Jerusalemgo Al-Aqsa meskitan piztutako sutea gogoratzeko. Manifestazioak baketsua behar zuen arren, liskarrak piztu ziren manifestarien eta Israelgo segurtasun indarren artean. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, 40 palestinar zauritu zituzten, eta, besteak beste, 13 eta 14 urteko bi haur palestinarrek tiro bana jaso zuten buruan.

Manifestariek harriak eta lehergailuak jaurti zizkien Gazako harresiaren bestaldean zeuden Israelgo segurtasun indarrei. Israelgo Poliziak adierazi zuen dozenaka palestinar harresia igarotzen saiatu zirela, eta orduan, negar gasa eta lehergailuak jaurti zituztela. Halaber, Israelgo Poliziak jakinarazi zuen beren kide bat ospitalera eraman zutela, larri.

Protestak baretu ostean, Palestinako hainbat taldek, besteak beste Hamaseko kideek, Israelgo Poliziaren aurka oldartutako «gazteria ausarta» txalotu zuten, eta Israelgo okupazio indarrek zibilen aurka erabiltzen duten gehiegizko indarkeria salatu.

Akordioa Qatarrekin

Atzotik itxita dago Gazaren eta Egiptoren arteko Rafahko muga. Gazako Barne ministro Iyad al-Bozomek igandean eman zuen itxialdiaren berri, baina esan zuen Egiptoko agintariek ez dutela jakinarazi muga noiz irekiko duten —edo irekiko duten—, ezta erabakia zergatik hartu duten ere. Egiptok iragan maiatzean ireki zuen Rafahko muga, Israelen eta Gazaren arteko bonbardaketan zauritutako palestinarrak ospitalean artatzeko; izan ere, Israelgo Gobernuak kontrolatzen ez duen eremu bakarra da.

Horrez gain, iragan ostegunean Israelek jakinarazi zuen akordio bat lortu duela Qatarrekin. Akordio horren arabera, Nazio Batuen Erakundeak zuzenean igorriko dizkie funtsak maiatzeko erasoen kalteak pairatu zituzten Gazako familiei. Gaza Berreraikitzeko Qatarko Batzordeak iragarri zuen 100.000 familia ingururi 100 dolar (85 euro) banatuko dizkiela irailetik aurrera.

Hamaseko kideek Israelen eta Qatarren arteko akordioa goraipatu zuten, eta taldeko bozeramaile Hazem Qassemek adierazi zuen Gazako herritarrek laguntza jasotzeko eskubide osoa dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.