Armeniako Gobernuak adierazi du su etena adostu duela Azerbaijanekin

Bakuk ez du aipamenik egin Erevanek plazaratutako akordioaz. Azken hiru egunetan Armeniako 105 soldadu eta Azerbaijango 71 hil dira

Azerbaijango soldadu baten aldeko hileta, herenegun, Bakun. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ia hiru egunez bi herrialdeen arteko mugan borrokan aritu eta gero, Armeniak atzo jakinarazi zuen su etena adostu duela Azerbaijanekin. Armen Grigorian Armeniako Segurtasun Kontseiluko idazkariak herrialdeko telebista publikoan egindako agerraldi batean nabarmendu zuenez, nazioarteari esker lortu dute menia, eta herenegun 20:00etan sartu zen indarrean. «Espero dugu Azerbaijanek betetzea». Azerbaijanek ez zuen aipamenik egin Erevanek plazaratutako akordioaz, baina Jeyhun Bayramov Atzerri ministroak herenegun esan zuen «su eten humanitarioa» eskaini ziotela Armeniari, eta ez dutela gatazka «okerragotzeko» asmorik.

Astelehen gauean hasi ziren borrokak Sobietar Batasun ohiko bi errepublika horien arteko mugan, eta azken bi urteetan eremu horretan gertatutako indarkeria agerraldirik handiena izan da. Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak adierazi du herrialdeko armadako 105 soldadu hil direla borroka horien ondorioz, eta, Azerbaijango Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuenez, bere aldean 71 militar hil dira.

Ohi bezala, bi herrialdeek elkarri egotzi diote erantzukizuna. Armeniako agintariek justifikatu gabeko erasoaldi bat hastea leporatzen diote Azerbaijani; Bakuren esanetan, ordea, Erevanek egindako bonbardaketei erantzun besterik ez dute egin.

Armeniako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuen aurreko gauean ez zela «nabarmentzeko moduko istilurik» egon bi herrialdeen arteko mugan. Herenegun, ordea, protesta bat egin zuten Erevanen, parlamentuaren egoitzaren parean, Interneten zabaldutako zenbait informazioren arabera herrialdeko zenbait herri Azerbaijanen kontrolpean gelditu zirelako eta Paxinianek dokumentu bat sinatu zuelako Bakurekin. Lehen ministroak, baina, segituan gezurtatu zituen informazio horiek, Facebook bidez.

EB eta Errusia

Kaukaso hegoaldean gerra bat eragozteko asmoz, EB Europako Batasunaren eremu horretarako misioburu Toivo Klaar Azerbaijango presidente Ilham Aliyevekin bildu zen herenegun, Bakun, eta atzo Paxinianekin biltzekoa zen. EBk begi onez hartu du su etena, eta, ohar batean atzo azpimarratu zuenez, Europako Batzordearen zerbitzu diplomatikoak eremuan dituen iturriek baieztatu dute meniak sinesgarritasuna duela.

Errusiako Goi Ganberako goi kargudun Grigory Karasinek RIA Errusiako berri agentziari esan zionez, neurri handi batean Moskuren «ahalegin diplomatikoen ondorio» da su etena. Iturri horien arabera, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Paxinianekin hitz egin du egunotan, eta eskatu dio lasai egoteko. Armeniako lehen ministroak asteartean parlamentuan esan zuenez, laguntza eskatu zion OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundeari. Hain zuzen, Sobietar Batasun ohiko sei errepublika dira aliantza militar horretako kide: Errusia, Tajikistan, Bielorrusia, Armenia, Kazakhstan eta Kirgizistan. Putin Aliyevekin biltzekoa da, bihar, Uzbekistanen, Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileraren markoaren barruan.

Karabakh Garaiaren kontrolak eragiten ditu, nagusiki, bi herrialdeen arteko borrokak. Azerbaijanen menpe dago ofizialki Karabakh Garaia, baina gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteko herrialde bakar batek ere halakorik onartu ez. 2020an, sei aste iraun zuen gerra bat izan zen han. Geroztik, aldiro izan ohi dituzte borrokak mugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.