CAFek autobus elektrikoaren alde egin du apustu, Solaris erosita

Poloniako autobus ekoizlea erosteko, 300 milioi euro inguru pagatuko ditu Beasaingo enpresak
Poloniako Solaris konpainiaren Urbino modeloa, hiri barrurako autobus elektrikoa.
Poloniako Solaris konpainiaren Urbino modeloa, hiri barrurako autobus elektrikoa. SOLARIS Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2018ko uztailak 4

Trenen kontrol palankari bakarrik ez, CAFek sendo heldu nahi dio autobusen bolanteari ere, trenen eta autobus elektrikoen negozioak aldi berean gidatzeko. «Aurrerapauso handia» ematea erabaki du Gipuzkoako konpainiarik handienak, eta Poloniako Solaris erosi du, autobus elektrikoak egiten espezializatutako enpresa. «Tren arloaz harago joanda, CAFek hiriko mugikortasuneko irtenbideetan liderra sortuko du Solarisekin batera, bereziki, e-mugikortasunaren arloan», azaldu du Beasaingo konpainiako presidente Andres Arizkorretak, atzo ezagutarazitako ohar baten bidez. Erosketa 300 milioi euro ingurukoa izango da, eta CAF zorpetu egingo da Solaris bereganatzeko. Irailerako eragiketa ixtea espero dute, baina aurretik operazioa onartu beharko dute Poloniako eta Alemaniako lehia arloko agintaritzek.

CAFek 2013an sortu zuen autobusen adarra, Vectia Mobility. Trenak egiteko teknologia baliatuta, autobus hibrido eta elektrikoen hiriko sistemak hornitzea du xede Vectiak, zeinak Castejonen baitauka egoitza, Nafarroan.

Apustua hasi da emaitzak ematen: iaz, esaterako, Gasteizko hiriko hamar autobus hibrido hornitzeko kontratua sinatu zuen, 3,3 milioi eurokoa. Solarisen erosketa apustu sendoa da bidea urratzen jarraitzeko. Poloniako enpresa bereganatuta, CAFek mugikortasun elektrikoa eta atez ateko garraio multimodaleko zerbitzuak indartu nahi ditu, autobusen segmentuan merkatuko liderretako bat bihurtuz.

Sinergien onurak

Sektoreko lehiakiderik zuzenetako bat gertu-gertu izango du CAFek, autobus elektrikoen ekoizpenean buru-belarri baitabil Ormaiztegiko (Gipuzkoa) kooperatiba. Irizarrek 18.000 metro koadroko lantegia inauguratu zuen maiatzean, Adunan (Gipuzkoa), bertan mugikortasun elektrikoaren adarra garatzeko, hirietarako autobus eta kamioi elektrikoen modelo berriak sortzeko.

Solarisen erosketak, Arizkorretaren esanetan, agerian uzten du CAFen konpromisoa «modu errentagarrian hazteko», eta merkatu estrategiko berriak irekitzekoa. 2018rako aurreikuspen onak ditu CAFek: iaz 1.477 milioi euroren salmentak egin zituen (Solarisek 444 milioirenak), eta aurten bi digituko igoera espero du, Solarisek bezala.

Euskal konpainiak azaldu du Solarisen marka, merkatua, eskulana eta teknologia Vectia filialak azken urteetan hiriko garraio irtenbide hibridoekin eta elektrikoekin lotuta egindako lana osatzeko erabiliko dela: «Solarisekin adostutako akordio horrek hazten ari den merkatuan produktuen gama osoa eta zabalena eskaintzeko aukera emango du».

Sinergiei esker, CAFek uste du bezeroei eskaintza osoagoa eman ahal izango diela, eta finantza eta teknologia arloko gaitasun handiagoa izango duela lizitazioei eta garapen teknologikoei (I+G) aurre egiteko garian.

Solaris 1996an sortu zen, eta 32 herrialdetako 700 hiritarako baino gehiagotarako egin ditu autobus arruntak eta elektrikoak. Iaz, 444 milioi euro inguru fakturatu zituen; Polonian bi produkzio lantegi dauzka (Bolechowo eta Sroda herrietan), eta 2.300 langile baino gehiago. Solarisen zuzendaritzak argudiatu du CAFen erosketa «bermea» dela bertako langileen etorkizunerako.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Raiundo Berri taberan izan zirenak PCR proba egiteko zain, Okendu kultur etxean gaur goizean. ©Gorka Rubio/FOKU

500 positibotik gora atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Atzo baino 119 kasu gehiago izan dira. Ospitaleratzeak areagotu egin dira azken orduetan.

Lasarte-Oriako klasururako konbentua itxita, gaur. ©Javier Etxezarreta / EFE

Lasarte-Oriako klausurako komentu bateko moja guztiek positibo eman dute

Berria

Hamar izan dira positiboak guztira. Alkateak adierazi du oldarraldia kontrolpean dagoela.

Kutsatze kopuruen azken datuek gora egin dutela ikusita zientzialariak gaineratu du gaitzak “arazo bat” izaten jarraitzen duela. ©Gorka Rubio / FOKU

Bengoak uste du egoera «larria» dela

Aloña Beraza Peña

Ikuskaritza independente bat eskatu dute gertatu dena ikertzeko, egin diren akatsak berriz ere egin ez daitezen eta aurrera begira ikasteko

PCR proba egiten gaur, Donostiako Okendo kultur etxean. ©Gorka Rubio/FOKU

Gasteizko Kilimanjaro diskotekan eta Galdakaoko Muguru tabernan egon zirenei proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak

Berria

Gasteizko diskotekan uztailaren 17tik abuztuaren 6ra izan zirenek egin beharko dute testa, eta Galdakaoko tabernan, uztailaren 27tik abuztuaren 4ra egon zirenek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna