G7 eta «bere munduaren» aurka mobilizatzera deitu dute 34 eragilek Miarritzen

2019ko agorrilean iraganen den goi bileraren kontrako plataforma aurkeztu dute, aldaketa sozialaren aldarriari «hauspoa emateko»

G7aren kontrako plataformako kideak, atzo, Miarritzen. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Aukera onena G7aren desegitea da». Hala uste dute heldu den agorrilaren 25, 26 eta 27an Miarritzen (Lapurdi) iragatekoa dengoi bileraren kontra mobilizatzera deitu dutenek. Euskal Herri osoko 34 eragile politiko, sozial, eta sindikalek plataforma bateratua osatu dute, G7aren presentzia errefusatu eta aldaketa sozialaren aldarriari «hauspoa emateko» helburuarekin. Ez dute iragarri mobilizazioak zer forma hartuko duen.

Joan den uztailean egin zuten G7a prestatzeko lehen gidaritza batzordea Miarritzen, eta segurtasun neurri zorrotzak hartuko dituztela iragarri zuten, «arrisku terroristari» eta manifestazio «bortitzei» aurre egiteko: 15.000 polizia eta militar mobilizatuko dituzte, lurreko, aireko eta itsasoko segurtasunarekin.

Inposatutako «setio egoera eta polizia okupazioa» salatu ditu G7aren kontrako plataformak. Txina eta Errusia kenduta munduko zazpi potentzia ekonomiko handienak bilduko dituen goi bilera «mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinbolo» da, haien iritziz. «Merkataritza askea, desarautzea, eta aurrekontu austeritatea sostengatuz, G7ko estatuek ilegalitate sozialak bultzatu dituzte». Salatu dutenez, «kapitalismoaren interesen arabera» beste herriei «inposatzen» zaizkien ekonomia eta finantza politikak erabakiko dituzte goi bileran. «Azken 40 urteetan garatutako politiken ondorioetatik beren buruak salbatzea da G7ko partaideen helburua; komunikazio operazioa baizik ez da».

G7a sinbolotzat duen munduaren egoera «oso larria» da plataformako kideen iritzian. Klima nahasmendua, herri eta klase sozialen arteko desberdintasunen emendatzea, gerlak, behatutako migrazioak, autoritarismo, erlijio fundamentalismo eta ideia arrazisten hedapena, eta indarkeria matxistaren areagotzea sustatzen duten politika neoliberalak aipatu dituzte, besteak beste, egoera horren ezaugarri gisa. «Gizadiaren parte handi bati oinarrizko eskubideak ukatuak zaizkio».

Beste mundu bat amets

«Beste mundu bat sortzea posible da, eta premiazkoa da», G7aren kontrako plataforma sortu dutenen iritziz, eta, bide horretan, Euskal Herritik ekarpena egitea da haien xedea. «Justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri izanen dituen mundu baten alde» mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.