Italiako gobernu krisia «laster» konponduko da: M5Sk izan lezake giltza

Mattarella presidenteak adierazi du alderdiak «gehiengo alternatiboa» osatzeko lanean ari direla. Salvinik eta bere aliatuek bozak nahi dituzte

Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Italian ez da hauteskunderik izango udazkenean, ez oraingoz behintzat. Sergio Mattarella presidentea herrialdeko alderdi nagusien ordezkariekin elkartu zen atzo, eta bileren osteko prentsaurrekoan adierazi zuen alderdiak «gehiengo berri bat bilatzeko» lanean ari direla, eta krisia «laster» amaituko dela. Datorren asteartean elkartuko da berriro haiekin. Gaur-gaurkoz, PD Alderdi Demokratak M5S Bost Izar Mugimenduarekin negoziatu nahi du, eta M5Sk esan du horretan ari direla, PD ez aipatu arren. Bestalde, Matteo Salviniren Lega alderdia buru duen eskuineko koalizioak nahiago du hauteskundeetara jo, haiek kanpoan utziko lituzkeen gobernu bat bateraezina delakoan iazko bozen emaitzarekin.

Hilabete hasieran, Salvinik hautsitzat jo zuen Legak M5Srekin zuen gobernu koalizioa, eta Giuseppe Conte lehen ministroak dimisioa eman zuen asteartean. Ordutik, Nicola Zingaretti PDko buruak gobernu berria osatzeko borondatea erakutsi du. Argi adierazi ditu bere asmoak: «aldaketa gobernua» egin nahi du M5Srekin. Orain arte, Zingaretti sozialdemokrata oposizioko burua izan da; PDk kolpe gogorra jaso zuen iazko hauteskundeetan, eta diputatuen erdiak baino gehiago galdu zituen. Orain, abaguneaz baliatzen ari da bozik gabe gobernua sortzeko.

Dena dela, PDko buruak ez du uste gobernua «nola hala» osatu behar dutenik: M5Srekin «gobernua osatzeko baldintzarik ez badago, hauteskundeak dira irtenbide naturala, eta PD haietarako prest dago». Anbiguoagoa izan da Luigi di Maio M5Sko presidentea. Hark adierazi du badutela «gehiengo bat» sortzeko aukera, eta horretarako negoziatzen ari direla, baina ez du PD aipatu. Halere, ez du hauteskunderik nahi: «Ekonomiak kezkatzen gaitu». Urtea amaitu baino lehen egin behar dute aurrekontua, eta garaiz ibili nahi du.

Eskuina bozen alde

PDk eta M5Sk bat egitearen aurka daude zenbait, alderdi batean zein bestean. Gainera, Salvinik bien arteko tartea handitu nahi izan du: M5Sri eskaini dio gobernua elkarrekin osatzeko berriro: «Lanerako gogoa badute, Lega horretarako sortu zen. Ezezkoa baiezko bihurtzen bada, ez dut gorrotorik gordeko». Halere, berretsi zuen hauteskundeak direla haren aukera nagusia.

Legarekin batera Zentro-eskuineko koalizioa deritzona osatzen duten alderdiak ildo beretik aritu dira. Fratelli d'Italia alderdi ultranazionalistako Giorgia Melonik esan du gobernu berria osatzekotan iazko bozen emaitzak beharko lukeela abiapuntu. Uste berekoa da Silvio Berlusconi, Forza Italiako burua: «Zentro-eskuineko gehiengo bat behar da, italiarrek sentitzen dutenarekin bat egingo duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.