EBk ezinezkotzat jo du 'brexit'-aren merkataritza ituna aurten adostea

Europako Batzordeko presidentea eta Johnson lehen aldiz elkartu dira 'brexit'-az aritzeko

Ursula Von der Leyen eta Boris Johnson, atzo, Londresen. SIMON DAWSON / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Hiru urte eta erdiren ostean, eta hiru luzapenen ondoren, brexit-aren prozesua fase berri batean sartzeko atarian da, hilaren 31n aterako baita Erresuma Batua Europako Batasunetik (EB). Horren harira eztabaidatu eta etorkizuneko merkataritza harremanen negoziazioa prestatzeko asmoz, atzo batzartu ziren lehen aldiz, Londresen, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Elkarren arteko konfrontazioak saihestu zituzten, eta negoziazio baketsuen aldeko jarrera nagusitu zen bi aldeen artean. Halaber, talde komunitarioko negoziatzaile den Michel Barnier eta Stephen Barclay Erresuma Batuko brexit-erako ministroa ere bertaratu ziren batzarrera.

Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioen lehen urratsa izan zen atzokoa. Erresuma Batua urtarrilaren 31n irtengo da EBtik, eta otsailetik aurrera trantsizio epean sartuko da. Orduan hasiko dira elkarrizketa formalak, eta bi aldeek urte amaierara arteko tartea izango dute merkataritza akordioa negoziatu eta adosteko. Behar izanez gero, trantsizio epea luzatzeko aukera ere erabil lezakete —2020ko uztailaren aurretik hitzartu beharko dute—, baina, oraingoz, hori ez da sartzen Johnsonen planetan: «Brexit-a gauzatzeko hiru urte baino gehiago egon gara itxaroten; britainiarrek eta europarrek espero dute merkataritza libreko akordioko negoziazioak garaiz amaitzea», azpimarratu zuen lehen ministroak. Bruselan, ordea, ez dute uste oinarrizko egutegia betetzeko gai izango direnik: «Ezinezkoa da epe horretan erabateko akordioa lortzea», adierazi zuen Von der Leyenek, «lehentasunak ezarri beharko ditugu».

Dena den, testuinguru positibo bat sortzearen aldekoak dira bi aldeak. Europako Batzordeko presidenteak ziurtatu zuen Bruselak irtenbideak bilatuko dituela EBko «osotasuna, merkatu bakarra eta aduana batasuna» babesteko. Horrez gain, behin brexit-a gauzatuta, Erresuma Batuak eta talde komunitarioak elkarrekin etorkizun bat sortzeko unea iritsi dela azaldu zuen: «Gure arteko loturak etenezinak izango dira aurrerantzean ere». Johnsonek berriz, konfiantzan oinarritutako etorkizuneko harreman positibo bat eratzearen garrantzia nabarmendu zuen.

Asmoak baikorrak izan arren, Erresuma Batuaren irteerak eragingo dituen ondorioez ohartarazi zuen Von der Leyenek: «Aliantzak ezin du berdina izan, eta ez da izango. Erabaki bakoitzak ondorio batzuk ditu». Horrez gain, Luis de Guindos Europako Banku Zentraleko presidenteordearen arabera, beharrezkoa da Europako Batasuneko kapital merkatuaren barneko gaitasuna garatzea, brexit-ak eragindako finantza zatiketaren handitzea eragozteko. Brexit gogorraren mehatxuak ere bere horretan jarraitzen du, bi aldeek abenduaren 31rako ez badute merkataritza akordioa adosten eta trantsizio epea luzatzen ez badute.

Eskozia, 'brexit'-aren aurka

Iragan abenduan egin zituzten bozak Erresuma Batuan, eta nagusitasunez irabazi zuen Johnsonek. Horrela, irteera gauzatzeko behar zuen babes zabala eman zioten boto emaileek: toryek 364 diputatu lortu zituzten. Alderdi Laboristak Johnson agintetik kentzeko asmoa zuen, baina kolpea jaso zuen, 59 barruti galduta. Eskozian, berriz, agintean zegoen alderdia nagusitu zen, Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP). Aldea nabarmen handitu zuen, gainera: 2017an galdu zituen eserleku gehienak berreskuratu zituen, eta, hamahiru diputatu irabazita, Komunen Ganberan oposizioko bigarren alderdia izatea erdietsi zuen, 48 ordezkarirekin.

Hain zuzen, brexit-aren inguruan eztabaidatu zuen atzo Eskoziako Parlamentuak, eta hori arbuiatzeko mozioa onartu zuen. Testuak dionez, Eskoziak bozkatu zuenaren arabera, Erresuma Batuarentzat eta Eskoziarentzat aukerarik egokiena EBn jarraitzea da. SNPren, laboristen, liberal-demokraten eta berdeen babesa izan zuen mozioak.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak uko egin dio brexit-ari buruzko legediari oniritzia emateari, Eskozian gehiengoak EBn jarraitzearen alde bozkatu zuela argudiatuta. Arrazoi bera erabili zuen Sturgeonek iragan abenduan, independentzia erreferenduma egiteko aukera izan behar zutela adierazteko. 2014an egin zutenetik hona «egiazko aldaketa esanguratsuak» izan direla aipatu zuen, eta etorkizunaz gogoeta egiteko abagunea izan behar zutela. Hala, aurten bigarren independentzia galdeketa egiteko beharra azpimarratu zuen. Horrekin batera, ohartarazi zuen ezezko batek ez duela auzia amaituko, eta aukera guztiak kontuan hartuko dituztela. Johnsonek, berriz, Eskoziari begira, aurreikusi zuen 2020ak «hazkundearen eta batasunaren» urtea izan behar zuela. Guztiak Bandera Baten Azpian mugimendu independentistak zortzi mobilizazio antolatu ditu 2020rako; lehena larunbatean egingo dute, Glasgown.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.