Bielorrusiaren aurkako neurriak hartuko ditu Europako Batasunak

Minsk prest agertu da nazioartearekin hitz egiteko, eta presoak askatzen hasi da

Atxilotuak libre ateratzen, herenegun, Minsken. TATYANA ZENKOVICH / EFE.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Hauteskunde osteko indarkeria ekintzetan nahastuta egon diren Bielorrusiako ofizialen aurkako neurriak hartuko ditu Europako Batasunak. Hala iragarri zuten atzo EBko Atzerri ministroen bileraren amaieran. Erabakia aho batez hartu dute diplomazialariek.

Hainbat herrialde hasieratik agertu ziren Aleksandr Lukaxenkoren gobernuaren aurkako neurriak hartzearen alde. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, esaterako, protestetan izandako «biolentziaren» erantzuleen aurkako zigorrak eskatu zituen. Era berean, EBko diplomaziaburu Josep Borrellek ohartarazi zuen Batasunak ezin dituela Bielorrusiarekin harremanak izan, «giza eskubideak eta askatasun politikoak urratzen dituen bitartean». Urrats bat gehiago egin zuen Txekiako lehen ministroak, eta eskatu zion Minski berriro egin ditzatela presidentetzarako bozak, «gardentasunean eta nazioarteko behatzaileen presentziarekin».

Aldiz, nazioartearekin hitz egiteko prest agertu da Vladimir Makei Bielorrusiako Atzerri ministroa, betiere,«eraikitzaile eta objektiboak» badira. Makeik azaldu zuenez, Ignazio Cassis Suitzako Atzerri ministroarekin hizketa egin du jada, «presidentetzarako hauteskundeei buruz, eta herrialdearen egungo egoerari buruz».

Estoniako, Letoniako, Lituaniako eta Poloniako presidenteek beren buruak aurkeztu dituzte elkarrizketa horietan bitartekari lanak egiteko. «Bakartzeak ez du garapenerako eta hobetzeko aukerarik uzten. Bielorrusian irtenbide baketsu bat lortzeko bitartekari lanetan aritzeko prest gaude; herrialdearen independentzia eta subiranotasuna indartzeko», adierazi dute hiru estatuburuek, prentsa ohar batean.

Atzerri ministroen bilkura baino ordu batzuk lehenago, Bielorrusian igandetik izandako protestetan atxilotutako manifestariak askatzen hasi ziren; Barne Ministerioaren arabera, 2.000 lagun baino gehiago askatu dituzte azken orduetan. Atxilotuetako batzuek orbainak zituzten; salatu zuten ziegan estu egon zirela, eta tratu txarrak jasan zituztela. Aleksander Barsukov Barne ministrordeak ezeztatu egin zuen hori dena.

Hauteskunde Batzordeak atzo bukatu zuen zenbaketa, eta igandean zabaldutakoa berretsi zuen: botoen %80,1ekin irabazi du Lukaxenkok, eta beste bost urterako agintaldia bermatu. Haren atzetik geratu zen Svetlana Tikhanovskaia, oposizioko hautagai nagusia, botoen %10,12 lortuta. Oposizioak «iruzurra» salatu du, eta ez dituzte onartu emaitzak. Ondorioz, zenbait protesta egon dira Minsk hiriburuan eta herrialdeko gainontzeko hirietan, eta 6.700 lagun inguru atxilotu dituzte.

Tikhanovskaiak, egoera baretze aldera, Lituaniatik zabaldutako bideo batean esan zuen, atzo, agintariekin hizketan hasteko prest daudela oposizioko kideak: «Nire herrialdean gertatzen ari dena kontuan hartuta, eta zuzenbide estatua berrezarri beharra dagoela ikusita [...] koordinatze batzorde bat hasten dut, boterea eskuz aldatzeko, herriari emateko».

ESLAren oharra

Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak (ESLA) eskatu du bertan behera uzteko manifestazioetan ikusi ahal izan den «indarkeria». George Tsereteli antolakundeko presidenteakgogorarazi du, ESLAko kide den heinean, Bielorrusiak konpromisoa hartu duela, giza eskubideen arloan, biltzeko eskubidea eta iritzi askatasunerako eskubidea errespetatzeko, besteak beste: «Agintariei eskatzen diet eskubide eta askatasun horiek bermatu eta errespetatzeko, eta arbitrarioki atxilotu dituzten guztiak ahalik eta azkarrena askatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.