Bidenek multinazionalak zergapetzeko proposamen bat egin dio OCDEri

Ontzat hartu du herrialde bakoitzeko salmenten araberako tasa bat ordaintzea. Bere azpiegitura plana ere enpresek pagatzea nahi du

Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bere Ever Given partikularra gainditzear dago OCDE. Urteak daramatza multinazional handienen zerga ihesa eteteko nazioarteko akordio baten bila, baina beti izan du aurrez aurre itsasontzi handi bat bere ubidea trabatzen: Ameriketako Estatu Batuak, Google, Apple, Amazon eta beste enpresa teknologiko erraldoien interesak defendatzen. Baina Joe Biden AEBetako presidente berriak aldatzeko bidean jarri du egoera. Proposamen bat egin dio OCDEri multinazional handiak zergapetzeko, Frantzian, Espainian, Italian eta beste leku batzuetan indarrean jarri den Google tasaren bidetik; hau da, enpresen irabaziak kontuan hartu beharrean, herrialde bakoitzean egiten dituzten salmenten araberako tasa bat ezartzea.

Bi frontetan ari da borrokan Biden enpresek zerga gehiago ordain ditzaten, eta horrela uler daiteke OCDEri helarazitako proposamena. Izan ere, 1,9 bilioi euroko inbertsio plan bat aurkeztu zuen joan den astean, eta enpresen irabaziek ordaintzea nahiko luke. Donald Trumpek %35etik %21era jaitsitako sozietate zerga %28ra igo nahi du.

Asmo horretan asko lagunduko lioke nazioartean gutxieneko tasa bat izatea, eta hori ere proposatu dio OCDEri. Batetik, AEBetan, inork ez lioke aurpegiratuko etxeko konpainiei kalte egitea besteen mesedetan. Enpresa handien oposizioa ez ezik, errepublikanoena eta demokrata batzuena ere gainditu beharko du Bidenek bere azpiegitura plana onartzeko, eta argudioak beharko ditu horretarako. Gainera, kanpora begira, Biden prest dago bere multinazionalen irabaziak partekatzeko, horren truke gutxieneko tasa bat lortzen badu.

Financial Times-ek filtratutako proposamenean, Washingtonek dio munduko multinazional handienei eta errentagarrienei soilik ezarri beharko litzaiekeela nazioarteko sistema berria. Haien sektorea kontuan hartu gabe, haien diru sarrerak zergapetuko lirateke, hartara ziurtatzeko gutxieneko kopuru bat ordaintzen dutela. Gaur egun, ohikoa da multinazional horiek beren irabazi gehienak zerga txikiko herrialde batean deklaratzea (Irlandan, Herbehereetan...), eta ia dirurik ez uztea salmentak benetan egin dituzten lurraldeetan. Erraldoi teknologikoen kasuan batik bat, ez da salbuespena beste urrats bat egitea eta dirua Karibeko paradisu fiskaletan pilatzea, AEBetan ahalik eta gutxien ordaintzeko aukera duten arte.

Harrera ona

OCDEko zerga gaien arduradunak, Pascal Sant-Amansek, harrera ona egin dio AEBetako Gobernuaren aldaketari: «Negoziazioak suspertuko ditu. Proposa- men serioa da, eta badu aukera aurrera egiteko nazioartean eta AEBetako Kongresuan». Europako herrialdeek ere ontzat jo dute, baina Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak ohartarazi du ez duela bere Google tasa bertan behera utziko OCDEn akordioa izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.