Adingabeen kanporatzeak gelditzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Barne Ministerioak eta Ceutako presidenteak defendatu egin dute prozedura. Madrilek 55 adingabe kanporatu ditu Marokora ostiraletik

Ceutako kiroldegitik ihes egindako adingabe talde bat, atzo, hirian. REDUAN DRIS / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean, Marokotik paperik gabe sartutako adingabeak kanporatzen hasi zen Espainiako Gobernua, Ceutako gobernuak eskatuta. Hori egiteko, Rabaten eta Madrilen arteko akordioan oinarritu ziren. Orotara, 55 gazte deportatu zituzten, astelehenean auzitegiek prozedurak gelditzea agindu zieten arte. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salaketa jarri zuten —besteak beste, Frontera Surrek eta No Name Kitchenek—, argudiatuta kanporatzeek ez zutela legea betetzen: taldeka egin dituzte, aurrez jakinarazi gabe, eta adingabeek ez dute abokatuen laguntzarik izan. Hala, argudio horietan oinarrituta, eta auzitegiek azken erabakia hartzen duten bitartean, gobernuz kanpoko 28 erakundek deportatzeak gelditzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Erakundeek plazaratutako idatziak gogorarazten du agintariek banaka aztertu behar dutela adingabe bakoitzaren egoera, eta ikusi zein den luzera begira haren ongizatea bermatuko duen irtenbidea: harrera herrialdean gizarteratzea, beste herrialde batera lekualdatzea, edo jatorrizko herrialdera itzultzea. Bide batez, oharrak nabarmentzen du NBE Nazio Batuen Erakundeko Haurraren Eskubideetarako Batzordeak berak eskatu zuela hamar adingaberen kanporatzeak gelditzeko, nahiz eta eskaria heldu zenerako haietako lau Marokora bidaliak zituzten.

«Legezko» prozedura

Espainiako Barne Ministerioak eta Ceutako Gobernuak defendatu egin dituzte kanporatzeak. «Adingabeak ez dira inon egongo beren familiekin baino hobeto. Ceutan behin-behinekotasun egoeran daude; ez dute aterperik, eta ez kokagune egokirik ere», argudiatu zuen atzo Ceutako presidente Juan Jesus Vivasek. PP Alderdi Popularreko buruzagiak azaldu zuen bera izan zela Madrili eskatu ziona kanporatzeak abiatzeko. Harekin bat etorri zen Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, eta baieztatu zuen prozesu guztia «legezkoa» dela, baina auzitegiek «akatsen bat» antzemango balute moldatuko dutela. «Espainian bakarrik sartzen diren adingabeen itzulerari buruzko eztabaida tekniko bat piztu da. Ez dugu ahaztu behar Marokotik mila adingabe inguru sartu zirenean [maiatzean] Ceutako Gobernuak hartu zuela bere gain haien zaintza, eta banan-banan aztertu zuela haien egoera», esan zuen Grande-Marlaskak.

Auzitegiek 24 orduko epea eman zioten atzo Barne Ministerioari argitu zezan adingabeen kanporatzeak agindu ote dituen, eta, bien bitartean, deportatzeak geldiarazi zituen. Salaketa Migraziorako Espainiako Sareak eta Errefuxiatuari Laguntza erakundeek jarri dute, baina ez dira prozedurak gaitzetsi dituzten bakarrak. Save the Childrenek ohartarazi du lau adingabetik bat «muturreko ahulezia egoeran» egon litekeela, hau da, tratu txarretatik, sexu gehiegikerietatik edo behartutako lanetatik ihesi joanak izan litezkeela. Gobernuz kanpoko erakundeen salaketa aintzat hartuz, NBEko Haurren Eskubiderako Batzordeak Espainiari galdegin dio geldi ditzala kanporatzeak, eta eraman ditzala adingabeak haurren babeserako gune batera.

Espainiako Gobernuaren eta Ceutaren asmoa da gutxienez 700 adingabe lekualdatzea Marokora. Auzitegien erabakiaren ostean, ordea, kanporatu beharreko gazteak Ceutako kiroldegian daude, beren prozedurekin zer gertatuko den jakin zain. Atzo haietako hainbat ihes egiten saiatu ziren Marokora eraman ez zitzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.