Independentziaren urteurrena, protesta eguna Afganistanen

Baliteke ministro kontseilu batek gidatzea herrialdea, Haibatullah Akhundzadaren gidaritzapean

Kabulen eginiko mobilizazioa, atzo. EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Talibanen aurkako protestak izan dira Afganistanen, herrialdearen independentziaren 102. urteurrenean. Ehunka lagun kalera atera dira herrialdeko bandera beltz, gorri eta berdea eskuetan. Sputnik agentziak jakinarazi duenez, talibanek hiru lagun hil dituzte tiroz Asadabaden eginiko protestetan. Matxinoek, berriz, jakinarazi dute aukera bat dela Afganistan kontseilu batek gidatzea, talibanen buru Haibatullah Akhundzadaren gidaritzapean.

Khalil Haqqani talibanen ordezkaritzako kide eta Haqqani Sareko liderraren iloba Abdullah Abdullah HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidentearekin eta Hamid Karzai Afganistango presidente ohiarekin bildu zen herenegun, bi aldeen arteko negoziazioei hasiera emateko. Talibanek bi politikari horiek gidatutako taldea hartu dute herrialdeko buruzagi politiko eta etnikoekin trantsizio prozesu bat abiatzeko bitartekari gisa.

HCNRko buruak adierazi duenez, Afganistango segurtasuna eta «herrialdearen etorkizunerako kooperazioa» izan zituzten hizpide, eta «justizian oinarritutako Afganistan independente eta batu baten» defentsa egin zuen hark bileran. Abdullahk gehitu duenez, Haqqanik ere «segurtasuna bermatzeko» asmoa azaldu zuen, eta lider politikoen laguntza eskatu horretarako.

Talibanek ez dute azalpenik eman Emirerri Islamikoa gidatuko duen organigramaren inguruan. Jakinarazi dute, ordea, litekeena dela «ministro kontseilu batek» gidatzea herrialdea, Akhundzada gainetik izanik. Azken horren rola presidente batena baino «indartsuagoa» izango litzateke, lider politiko eta erlijiosotzat baitute.

Trantsiziorako kontseiluak elkarrizketaren aldeko apustua egin du, baina Afganistango presidenteorde ohi Amrullah Saleh talibanen aurkako erresistentziarako deia egiten ari da oraindik ere. Axraf Ghani presidentearen ihesa dela-eta, Salehk presidente «legitimotzat» jo du bere burua, eta Panjxir eskualdean dago, talibanen esku ez dagoen eremu bakarrean. Handik, beste hiri batzuetan eginiko protestak txalotu ditu. Atzo mobilizazio ugari izan ziren: hala nola Kabulen, eta Nangarhar, Laghman eta Kunar eskualdeetan. Aurrez, herenegun, beste hainbat hiritan ere egin zituzten: esaterako, Jalalabaden talibanek hamabi lagun hil zituzten, Afganistango bandera plaza batean jartzen saiatu zirenean.

«Inoiz ez diot traizio egingo nire heroi Ahmad Xah Massud komandante, mito eta gidariari. Inoiz ez naiz egongo talibanen teilatupe berean», adierazi du Salehk. Massud, Panjxirko lehoia izenez ezaguna, sobietarren eta talibanen aurkako gerretako izen nagusietako bat da. Hura, ordea, Al-Qaedak hil zuen 2001eko irailaren 11ko atentatuak baino bi egun lehenago, ustez AEBen inbasio posible bat zailtzeko. Orain, Salehk haren seme eta oinordeko Ahmad Massuden laguntza du talibanen aurka egiteko.

Erresistentzia horren presentziak garbi erakusten du indar politikoen arteko elkarrizketa ezinbestekoa dela, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven esanetan. Hala, «behin betiko konponbide bat» ekar dezakeen negoziazio prozesu baten beharra nabarmendu du, eta, horretarako, prest agertu da nazioarteko elkarrizketa foroa berriz sustatzeko.

Zaila litzateke mahai horretan Ghani egotea. Hark azaldu du «odola isurtzea» eragozteko egin zuela ihes, eta Afganistanen alde lan egiteko asmoa duela. Kabulen, baina, hainbat milioi euro lapurtu izana egotzi diote. Horrez gain, Etxe Zuriak ere gehitu du hura jada ez dela kontuan hartu beharreko aktore politiko bat.

EB, aireportura begira

Europarlamentuko Atzerri gaietarako batzordearen ezohiko bileran, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek esan du ardura nagusia EBrentzat lan egin duten langileak eta beren familiak Europara ekartzea dela.

Kabulgo aireportura iristea da, baina, Afganistandik ateratzeko bidaiaren zatirik zailena, Borrellen hitzetan. Horregatik, talibanekin hitz egiteko beharra nabarmendu du, ebakuazioak errazte aldera. Izan ere, azpiegitura hartan eta haren inguruko kaleetan tentsioak gora egin du berriz, asteartean eremua «egonkortuta» zegoela esan zuten arren. AEBetako Estatu idazkariorde Wendy Shermanek azaldu du talibanak aireportura sartzeko oztopoak jartzen ari direla zibil afganistandarrei, bi aldeek adostutakoaren aurka. Hala, Etxe Zuriak gehitu du matxinoekin harremanetan jarri direla «jazarpena eteteko».

Ebakuazioa ez da talibanekin harremanetan jartzeko arrazoi bakarra. Borrellek gehitu du EBk ezin duela «egoeraren kontrola» Errusiak eta Txinak hartu zain egon. Hala, «botere harremanak aldatu» aurretik matxinoekin komunikatzeko bide berriak ezarri nahi ditu.

Borrellek adierazi arren Pekinek talibanen agintea onartu duela, Txinako Atzerri ministro Wang Yik azaldu du matxinoek egiten dituzten ekintzen araberakoa izango dela erantzuna. Haren esanetan, badira ezarri beharreko hainbat marra gorri. Horietako bat «terrorismoari babesik ez ematea» da. Zehazki, Txinako Xingjian eskualdeko talde armatu uigurrak dira Pekinen kezka.

Gutxiengo onarpen bat lortu ezean, talibanen arazo nagusietako bat ekonomikoa izango da. NDF Nazioarteko Diru Funtsak argitaratu du Kabulek ez duela sarbiderik izango erakundearen larrialdi erreserbetatik egokitu zitzaizkion 340 milioi euroetara. COVID-19ak eragindako kalteei aurre egitera bideratutako funtsen zati bat dira, eta datorren astelehenean banatu behar zituen erakundeak. Nazioarteko presioen ondorioz, ordea, ez du egingo. «Afganistango Gobernua aitortzearen inguruko argitasun falta dago nazioartean», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.