Legea onartu zenetik hamahiru laguni eutanasia egin zaiela esan du Jaurlaritzak
34 eske jaso dira: zortzi paziente eutanasia egin aurretik hil dira; hamabi eskea aztertzeko prozedura betean daude, eta bati ukatu egin diote

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko agintariek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean atzo egin zuten agerraldi batean jakinarazi zuten Eutanasiaren Legea ezartzeko prozedurak zertan diren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Martxoan onartu zuten legea Espainiako Kongresuan, eta ekainean sartu zen indarrean. Jakinarazi dute ordutik 34 eutanasia eske jaso direla, eta hamahiru pertsonari eman zaiela orain arte hiltzeko laguntza medikoa. Zortzi paziente eutanasia egin aurretik hil dira, eskea egin zutenerako oso larri baitzeuden; hamabi eskea aztertzeko prozeduran daude orain, eta pertsona bakar bati eman diote oraingoz ezezko erantzuna.
Legeak zehazten du «era informatuan, argian eta denboran errepikatuta egindakoak» izan behar dutela eutanasia egiteko eske guztiek, eta «pairamendu» egoeratan beti: «Pertsonak ezin onartuzkotzat duen eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez». Prozedura zorrotz bati jarraitu behar zaio kasu guztietan; profesional bik aztertu behar dute eskari bakoitza, eta berme batzorde batek ere eman behar du onespena. Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dute osasun profesionalek, oro har, harrera «positiboa» egin diotela legeari, eta 5.000 inguruk propio legearen gaineko trebakuntza jaso dutela dagoeneko. Gehienak Osakidetzako profesionalak dira, baina eremu soziosanitarioko beste adarretako langileak ere badira tartean.
Kontzientzia eragozleen erregistro bat antolatu behar izan dute, eta nabarmendu dute soilik fakultatiboen %1,9k eman dutela izena orain arte zerrenda horretan. Oso kopuru «baxua» dela adierazi dute, eta ez dagoela arazorik eutanasia eskeei erantzuteko. Esan dute ESI Erakunde Sanitario Integratu guztietan eskea egiteko era «bermatuta» dagoela.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.