Elikagai Katearen Legea «berehala» aplika dadila eskatu dute nekazariek

Prezioen behatokia eta antzeko kontrol tresnak garatzea galdegin diete administrazioei. Gastuak oraindik ere igotzen ari direla salatu dute

Abeltzain bat behia lotuta duela, Bilboko atzoko elkarretaratzean. M. D. V. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko nekazari, abeltzain eta lehen sektoreko beste langileek elikagai katearen legea berehala ezartzeko eskatu dute. Euskal administrazioei egin diete dei, «koherentziaz» joka dezaten eta, besteak beste, elikagaien ekoizpen eta salmenta prezioen arteko oreka zaindu beharko lukeen lanabes hori garatzen has daitezen. Era berean, gogoratu dute pentsuen, argindarraren eta abarren prezioek goraka segitzen dutela, eta ekoizleak «galerak pilatzen» ari direla etengabe.

Nekazari, abeltzain eta lehen sektoreko elkarteek Bilbon bukatu zituzten atzo azken hilabetean Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolaturiko protesta ekitaldiak. Besteak beste, EHNE Bizkaiak, Enbak, Lorrak, eta Bizkaia Esneak egin zuten bat Arriaga plazan. Ehundik gora ekoizle batu ziren lelo ezberdinak zituzten afixekin. Bizkaian hiltegia behar dugu, Bertoko ekoizpena bertoko merkatura edota Pentsuaren prezioak jaten gaitu irakur zitekeen. Zazpi traktore eta lau behi ere eraman zituzten. Arriagako zubia igaro zuten hiritar askoren argazki kameren helburu izan ziren.

Irudi indartsua lortu zuten, zabaldua zuten larrialdi deirako bozgorailu aproposa: «Elikagaien Katearen Legea berehala aplikatzea behar dugu. Ezin dugu onartu banaketak hogeita hamaika eskutik izatea eta ekoizpen kostuak estaltzen ez dituzten prezioak eskaintzea», adierazi zuen Unai Aranguren EHNE Bizkaiko kideak. Espainiako Kongresuak onartu zuen legea, baina hura erkidegoka ezartzen da, eta, horregatik, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari pausoak emateko eskatu zieten.

Baina zein da lege horren oinarria? Eta zergatik dute hainbesteko itxaropena jarria haren garapenean? Erantzuna Arangurenena da: «Besteak beste, produktua ekoizpen prezioen azpitik sal dadila eragozten du. Galerak onartuz saltzea debekatzen du». Hori da legearen arima, baina beste kontrol mekanismo batzuk ezartzeko ahala ere badu. «Prezioen begiratokia ezartzeko aukera dago, kate osoaren kostuak aztertzen dituena. Ekoizleen eta banatzaileen artean artekari bat egoteko aukera dago, eta zigorrak modu arinean ezartzeko aukera ere bai». Nekazariek eta abeltzainek ezinbesteko erreminta gisa ikusten dute ustiaketa eredu jasangarriek biziraungo badute.

Esnearekin, etxekalte

Prezioen behatokia da eskaera horretako gakoetako bat, eta bereziki esne ekoizleen azpisektoreari eragingo liekeena. Haiek zailago dute gastuen garestitzea azken preziora eramatea, eta azken hilabeteetako gorakada oso handia izan da. «Urtebeteko tartean ekoizpen gastuak %30 garestitu dira: pentsuak, argindarra, erregaiak...». Arangurenek zehaztu duenez, esne litro bat ekoiztearen gastua 40-42 zentimo artean dago orain, eta Bizkaian banatzaileek, batez beste, 37-38 zentimo ordaintzen dute. Eta, hori, kontuan hartuta 40 zentimora iritsi eta batezbestekoa igotzen duen kooperatibaren bat dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.