Aldak etxe agentzia bat okupatu du, eta alokairu zati bat itzultzea lortu du

Agentziak alokatzaile berriei prezioa igoa zien, eta hamabi hilabeteko alokairua aurreratzeko eskatua, baina atzera egin behar izan du

Alokatzaileak, agentziak egin txekearekin eskuartean. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Alda kolektiboak Baionako etxe agentzia bat okupatu zuen atzo, alokatze kontratu batean «jukutria erabilera» salatzeko. Legez kanpoko bi neurri leporatu zizkion agentziari: alokatzaile berriei hamabi hilabeteko alokairua aurreraraztea eta aurreko alokairu kontratutik prezioa 400 euro igotzea, etxebizitza tentsio eremuan kokatzen delarik.

Hogei bat lagun sartu ziren agentziara, okupazio mugagabe baterako. Eztabaida sutsua ukan zuten Txetx Etxeberri Aldako kideak eta Julia Antonio Perrochon agentziako zuzendariak, eta Perrochonek Frantziako Poliziari deitu zion. Istilurik gabe azkenean, alokatzaileei bederatzi hilabeteko alokairua itzuli zien, eta, aurreko alokairu kontratua 900 eurokoa zelako froga eskuratuz gero, alokairua berriz jaustera engaiatu zen zuzendaria.

Luxuzko etxe bat alokatu behar zuten Lisa eta Michel Langlois senar-emazteek, 66 metro koadrokoa, Angeluko Cantau auzoan. 1.300 euroko alokairua eskatu die agentziak, baina, alokatzaileak kanpotarrak direnez, Frantziako alokairua ordaintzeko bermerik ez zuten. Agentziak, berme hori izate aldera, hamabi hilabeteko alokairua aurreratzeko eskatu zien. Baina Aldakoek argi dute: «Hori legez kanpokoa da». Alokatzaileek etxea berritzeko lanak egin behar izan dituztela deitoratu dute: «Luxuzkoa zelakoan justifikatu dute alokairuaren prezioa; alta, lanak egin behar izan ditugu: berriz tindatu dugu, ur galtzeak daude, eta leihoek ere arazoak dituzte». Etxeberrik adierazi du gero eta gehiago gertatzen direla halakoak: «Ez dugu horrelako jukutriarik onartuko, ezta tentsio guneetako alokairu igoerarik ere».

Bestalde, Aldako bi hautetsik bizitegi sozialak kudeatzen dituen HSA egiturako erabakiguneetan sartzea lortu dute. Atzo iragan zen HSAko kontseilu administratiboa. Bertan, CALEOL bizitegien adjudikazio batzordeko araudia eraberritu zuten, eta erabakiguneetako ordezkariak berriz bozkatu zituzten. Aurreko aldian nagusitu zen CLCVko Serge Darnauthandyk dimisioa aurkeztu zuen. Aldak adierazi du «pozik» dagoela, «alokatzaileen bozkak azkenean errespetatuak» direla ikusten baitu. Espero du berdin iragango dela Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoarekin: datorren asteartean dute bilkura Claude Olive lehendakariarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.