Meriem Kobane. YPJko komandantea

«Gure borroka ez da amaituko Estatu Islamikoa kanporatu arte»

Kobane hiria askatuta, inguruko herrixketatik bota nahi dute orain Estatu Islamikoa YPG eta YPJ unitateetako miliziano kurduek. Atzo ere borrokan aritu ziren Kobanetik mendebaldera.
YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateetako borrokalariak, Kobaneren askapena ospatzen.
YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateetako borrokalariak, Kobaneren askapena ospatzen. DIHA

Orsola Casagrande - Jose Miguel Arrugaeta -

2015eko urtarrilak 30
«Esan genuen Kobane infernua bihurtu zela Estatu Islamikoarentzat, eta hala izan da. Kaniya Kurdatik [astelehenean askatutako lehen auzotik] gure hiria librea dela esan nahi diogu munduari». Kobane askatuta, inguruko herrixka askatzea dute helburu, «eremu guztia libre izan arte».

Meryem Kobanek ahots sendoz erantzuten ditu galderak telefonoz. YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateetako komandanteetako bat da Kobanen. Ez dirudi nekatuta dagoenik. Ahoan irribarrea daukala pentsa daiteke. «Nekatuta? Bueno, bai», dio, barrez; «baina oraindik zutik gaude, gogoberotasunari esker». Haren hitz-jarioaren etenetan gizon eta emakumeen ahotsak entzuten dira, hizketan eta barre egiten. Kobane hiri askea da, eta borrokalari gazteak ospatzen ari dira.

Rojavako —Siriako Kurdistan— autodefentsa indarrek, azkenean, astelehenean bota zituzten Estatu Islamikoko (EI) borrokalariak Kobane hiritik, 134 eguneko borroka amaigabearen ostean. Borondatea, erabakitasuna eta herritarrak eta lurra babesteko grina izan dira haien armak; baita hainbat gazteren kemena ere, nola mutilena, hala neskena. Batzuek, interes eta kalkulu geoestrategikoetan oinarrituta, aldez aurretik ezarri zieten patua iraultzea lortu dute. Kobane ez da geratu EIren esku, profetek iragarri zuten moduan.

EIko borrokalariak ez dira hain izugarriak, balek ukiezinak, beldurrik gabeak eta, are gutxiago, garaiezinak. Hala erakutsi dute Kobane babestu dutenek. Garaipena ospatzen ari dira egunotan. Dantzan. Kantari. Herritarrek babestuta. Beste askok ere bat egin dute haien poztasunarekin. Garaipena bere egin dute. Kurduak ere kalera atera dira eta festa Europako hainbat hiri urrunetara zabaldu dute, diaspora handiaren bidez. «Egia esan», jarraitu du Meryemek, «hunkigarria izan da gure jendea ospatzen ikustea, besarkada handi baten modukoa izan da».

Azaroan eskainitako elkarrizketa batean, borroka betean, emaitza lausoa zenean, Meryemek zioen haien borroka ez zela bakarrik Kobaneren aldekoa, gizadiaren aldekoa baizik. Eta Kobaneko garaipenaren oihartzuna mundu osora hedatu da. Meryemek eskerrak eman dizkie mundu guztitik elkartasuna eskaini dietenei eta, bereziki, Turkiako mugan baraualdiak antolatu dituztenei.

Elkarrizketa moztu egiten da tarteka. Galderak erantzun ez ezik, Meryemek bere ardurari dagozkion lanak ere egin behar baititu: milizianoen prentsaurreko bat antolatu, azken borrokaldien berri emateko; Turkiako Kurdistandik iritsitako ordezkaritza politiko bati harrera egin...

EIko borrokalariek beren bandera beltza jarri zuten guduaren lehen egunetan Kaniya Kurdako muino garaienean. Mundu guztian ikusi zen irudia, telebisten bidez. Orain, ordea, Rojavako bandera dabil airean, harro. «Kaniya Kurdako operazioa astelehenean goizean goiz hasi genuen», zehaztu du Meryemek. «Hiru orduz aritu ginen borrokan, aurrez aurre. Baina gogor eraso genien, eta gizon asko galdu zituzten. Bizirik geratu zirenek ihes egin zuten. Hala askatu genuen auzoa».

Garaipen garestia

Garaipena lortu dute, baina garestia izan da. Dozenaka boluntario hil dira hiria babesten. Horietako asko kurduak ziren, baina tartean zeuden turkiarrak, arabiarrak, siriarrak, kaldear kristauak... Rojavakoa apustu bat baita, hainbat komunitateren apustua elkarrekin bizitzeko, duela zenbait mendetatik egin duten moduan, errespetuz eta berdintasunean. Meryemek gogoan ditu hildakoak: «Hemen gaude, orain, gure arma-lagunen sakrifizioarengatik. Gure martiriak izan dira une oro indarra eman digutenak. Zenbat gustatuko litzaiekeen garaipenaren eguna ikustea!».

YPJko komandanteak hizketan jarraitzen du, galderarik egin gabe ere. Pozik dago. Herenegun izan zen Rojavako adierazpenaren lehen urteurrena. Aurrerantzean bi aldiz ospatuko dutela dio: urtarrilaren 26an Kobane askatzea, eta 27an Rojavaren aldarrikatzea. Kobane askatu dute, baina gerra eta borroka ez dira amaitu. «Oraindik leku asko daude askatzeko Kobanetik kanpo», dio Meryemek. Ez daude etsitzeko. «Kobane askatuko genuela esan genuen moduan, orain agintzen dugu herrixkak ere askatuko ditugula eta behar den lekuetara joango garela. EI kanporatuko dugu, geure herrietatik hasita». «EIri mezu sendoa eta argia helarazi diogu: gure askatasuna eta lurraldea babesteko gaude hemen, kosta ahala kosta».

Atzo bertan, indar kurduek Estatu Islamikoko 22 kide hil zituzten Kobane inguruan, gehienak YPGk Manazi herrixka ondoan Tel Muman muinoa hartzean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna