Lularekin azkeneraino

PTk Luiz Inacio da Silvaren hautagaitza aurkeztu du Brasilgo Hauteskunde Auzitegi Nazionalean, debeku mehatxuei aurre eginez

Lurrik Gabekoen Mugimenduak Lularen hautagaitzaren alde egin zuen martxa, atzo, Brasilian. JOEDSON ALVES / EFE.
mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Brasilen atzo bukatu zen heldu den urriaren 7ko presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko epea. PT Langileen Alderdiak ez du gibelera egin Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohi espetxeratua aurkezteko erabakian, eta atzo azken orduan eraman zituen agiriak TSE Hauteskunde Auzitegi Nagusira. PTk bidegabetzat du Lularen egoera, eta aldarrikapen ekitaldi handi bat bihurtu zuen atzo hautagaitzaren izen ematea. Bigarren instantzian zigortuta dago Lula, eta TSEn auzibide bat hasiko da orain, hautagaitza legezkoa den ala ez ebazteko. Fernando Haddad PTren presidenteordetzarako hautagaiak Lula aurkezteko erabakia defendatu zuen atzo. «Ez da legeari desobedientzia egiteko ekintza bat; herriari eta konstituzioari obeditzea da».

MST Lurrik Gabekoen Mugimenduak Lularen aldeko martxa bat antolatu zuen. Joan den ortziralean atera zen hiru hiritatik, eta, herenegun Brasiliara ailegatu ondoren, atzo TSEren egoitzara joan ziren parte hartzaileak. PTko buruzagiek bat egin zuten haiekin. «Alderdia prest dago Lularen askatasunaren eta errugabetasunaren aldeko borrokan jarraitzeko, eta hura berriz ere presidentetzara eramateko, herriaren aldaketa nahia ordezkatzen baitu», adierazi zuen Haddadek.

Lula joan den apirilaren 7tik daukate espetxean, urtarrilean bigarren instantzian hamabi urteko zigorra jaso ondoren. Ustelkeria eta diru garbiketa egotzita kondenatu zuten, Petrobras enpresa publikoari lotutako Lava Jatooperazioaren barruan. Lularen eta haren aldekoen ustez, ordea, elite eskuindarraren asmakizun bat dira akusazioak eta prozesu judiziala bera, ezkerra berriz ere boterera ailegatu ez dadin.

Lulak iaz jakinarazi zuen hauteskundeetara aurkeztuko zela, eta inkesta guztietan agertu da garailetzat, alde nabarmenez. Zigorrak eta espetxeratzeak ere ez dute joera hori aldatu. Datafolha etxearen azkenekoaren arabera, Lulak botoen %30 lortuko lituzke urriaren 7an, eta haren gibeletik geldituko litzateke Jair Bolsonaro ultraeskuindarra, %17rekin. Balizko bigarren itzulian, berriz, PTko hautagaiak arazorik gabe irabaziko luke.

Aste batzuetako prozesua

TSEk hiru eguneko epean argitaratuko du zerrenda ofiziala, eta, hori eginda, espero da Lularen hautagaitzari salaketaren bat jarriko diotela, 2010ean ezarritako lege bat urratzen duela argudiatuta —bigarren instantzian zigortutakoei hautagai izatea debekatzen diona—. Hainbat aste iraun dezake prozesuak, TSEk azken erabakia hartu arte. PTk erran du ez duela «B planik», baina hedabide anitzek uste dute badaukala. Debekurik balego, Haddadek hartuko luke Lularen tokia, eta presidenteordetzarako Manuela D'Avila Brasilgo Alderdi Komunistako presidentea aurkeztuko lukete. D'Avilak duela egun batzuk erretiratu zuen presidentetzarako hautagaitza. Inkesten arabera, ordea, Lula gabe PTk hondoa jotzeko arriskua luke—botoen %2 bakarrik ere aurreikusi diote kasu horretan—. Hala ere, debekuak kanpainan sortuko lukeen astinduarekin emaitza ona lortzeko itxaropena luke ezkerreko alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.