Naval ixteko prozesuan «rol aktiboa» izatea leporatu dio ELAk Tapiari

«Egin ezazu egin beharrekoa: Naval erosi, Naval salbatu», esan dio EH Bilduk sailburuari. Irtenbide «publiko-pribatua» aldarrikatu du Tapiak

Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Naval ontziola salbatzeko aukerak urritu ahala ugaltzen ari dira administrazioaren ardurari buruzko eztabaidak. Orain arteko salaketa gordinetako bat egin zuen atzo ELAk, Arantxa Tapiari egotzi baitzion «rol aktiboa» eduki izana ontziola ixteko prozesuan. Eusko Legebiltzarrean ere EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen kritikak entzun behar izan zituen Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Tapiak behin eta berriro azaldu du Jaurlaritzak ezin duela bere kabuz Naval salbatu, Europako Batasuneko legediak debekatu egiten diolako kinka larrian dagoen enpresa bat erostea. Hori argudiatzeko, Legebiltzarreko legelariek egindako txosten bat aurkeztu zuen asteartean.

Txosten hori «ezer ez egiteko erabakia zuritzeko» egin duela aurpegiratu dio ELAk sailburuari. Ohar baten bidez, ziurtatu du Tapiak «jarduera mediatiko frenetikoa» izan duela Navalen auzian, «arreta muinetik desbideratzeko, baina inoiz ez konpon- bideak emateko».

Bada ELAk Tapiari egiten dion beste kritika bat: langileen ordezkariak «gutxiestea» —langile batzordearen bilera batetik altxatu zen—, baina txintik ere ez esatea ontziola azken urteetan kudeatu duten enpresei buruz, Ingeteami eta Muruetari buruz.

LAB ere ez dago gustura «administrazioen utzikeriarekin», eta horri aurre egiteko mobilizazioa aldarrikatu du. Horregatik, sindikatu abertzaleak bat egin du abenduaren 1ean Bilbo erdialdean antolatu duten manifestazioarekin.

Kritikak kritika, Tapiak berretsi zuen atzo Eusko Legebiltzarrean gobernua prest dagoela Navalen dirua jartzeko, baina soilik inbertitzaile pribatu bati laguntzeko—eta soilik hark laguntza nahi badu—. Inbertitzaile hori bilatzen jarraitzen dutela gehitu zuen, «konglomeratu publiko-pribatu bat» sortu ahal izateko.

Sailburuaren azalpenek ez zuten oposizioa asebete. «Ez jarraitu denbora galtzen. Erreskate publikoaren garaia da, Naval erostekoa. B plan bat egon behar du, inbertitzaile pribatu bat agertzen ez bada. Egin ezazu egin beharrekoa: Naval erosi, Naval salbatu», esan zion Iker Casanova EH Bilduko ordezkariak.

Elkarrekin Podemosek, berriz, ziurtatu du Jaurlaritzaren legelarien txostenak «ontziolan sartzeko aukera ukatzeko egina» dirudiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.