Goiekik 350 enpresa sortzen lagundu du mende laurdeneko ibilbidean

Goierriko garapen agentziak, eskualdeko «traktore ekonomikoak», Negozio Berrien Fabrikaren irekierarekin ospatu du 25 urteko ibilbidea

Goiekiren mende laurdenaren ospakizuna, atzo, Ordizian. IREKIA.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Ospakizun eguna izan zuten atzo Ordizian (Gipuzkoa). Goieki Goierriko garapen agentziak 25. urteurrena ospatu zuen, eta NBF Negozio Berrien Fabrikaren eraikin berria aurkeztu zuen. Goierriko Berrikuntza gunean eraiki dute Negozio Berrien Fabrika, enpresa ekimen berriak sustatzeko eta Goiekiren eta Goierri Valleyren egoitza hartzeko.

Ibilbide emankorra izan du garapen agentziak 25 urtean: besteak beste, 350 enpresa baino gehiago sortzen lagundu du. Garapen agentziak nabarmendu du eskualdeko ekonomiaren garapenean «traktore garrantzitsua» izan dela urteotan, eta ekintzailetasuna, gizarte eragileen arteko sinergiak, eta eskualdeko enpresen arteko lankidetza eta lehiakortasuna bultzatu duela.

Badira lan hori erakusten duten ekinaldi mugarri bi: 2000. urtean, Goitur sortu zuen, Goierriko turismoaren agentzia, eta 2017an, Goierri Valley, munduan integral, berritzaile eta neurrira egindako soluzioak eskaintzen dituen metal-mekanika arloko aliantza estrategikoa. Eskualdeko puntako konpainiak daude Goierri Valleyn —CAF, Irizar, Ampo, Indar, Orkli, Jaso, GH eta Transbiaga—, baina baita enpresa ertain eta txikiak ere —240 inguru daude eskualdean—.

«Goierriko kultura»

Atzera begirako errepasoa egin du Goiekik, eta gogoratu du 1993an, agentzia sortu zutenean, Goierrin %20 zela langabezia tasa, eta krisi betean zegoela lanbide eskola ere, eskualderako oso garrantzitsua zena. «Egoera bideratzeko gogoeta estrategiko bat bideratu zen, udal enpresa, sindikatu eta beste hainbat eragileren eskutik, eta Goieki sortu zuten». Egun, Goieki hemeretzi udalerrik osatzen dute, eta helburutzat dute eskualdeko garapen sozioekonomikoa sustatzea.

Mendeurrenaren ospakizunean izan zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta «Goierriko kultura» nabarmendu zuen, ekintzailetzaren kultura. Ezinbestekotzat jo zuen lankidetza: «Bultzada ekonomiko eta sozialak etenik ez duen honetan, gakoa da elkarrekin lan egitea eta eskualdea eraldatzen laguntzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.