Kutxabankek %5 handitu du mozkin garbia 2019ko lehen seihilekoan

Bankuak 197,3 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu, eta hipoteka maileguak %25 ugaritu dira. Iberdrolak %16,6ko hazkundea izan du

Kutxabanken egoitza, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez, Paulo Ostolaza
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Zenbaki onak izan ditu Kutxabankek aurtengo lehen sei hilabeteetan: 197,3 milioi euroko mozkin garbia lortu du, iazko epe berean baino %5 gehiago. Gainera, Cajasuren ekarpen positiboa 15,4 milioi euro izan da, 2018ko lehen seihilekoan baino %11,5 gehiago.

Finantza erakundeak garrantzi berezia eman die aurten lortutako zenbakiei, «eremu makroekonomikoan ziurgabetasunak irauten duen testuinguru batean» lortu dituelako emaitza onak. Ziurgabetasunen artean, hauek: AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra, brexit-a, eta EBZk atea zabaldu diela interes tasen beherapen berriei eta diru pizgarri gehiagori, noiz eta Euriborra minimo historikoetan dagoen honetan.

Zailtasunak zailtasun, Kutxabankek prentsa ohar baten bidez azaldu zuen atzo hipoteka maileguen negozioa bide onetik doakiola, «merkatuaren oso gainetik» handitu baita urtarriletik ekainaren amaierara bitartean: %25, hain zuzen ere. Gainera, kontsumorako maileguek ere gora egin dute, erritmo motelagoan bada ere (%13,3).

Kutxabanken negozioaren bilakaeran produktu berrien kontratazioaren hazkunde sendoa izan da gakoetako bat, beraz. «Horrela jazo da ETE enpresa ertain eta txikien finantzaketan, eta, bereziki, hipoteka maileguetan eta kontsumorako maileguetan, kasu bietan argi eta garbi merkatuaren portaeraren batez bestekoaren gainetik kokatu baita Kutxabanken bilakaera, eta berriz ere hazkunde errekorrak lortu baititu».

Aseguruen negozioko diru sarrerak ere handitu egin ditu: 71,7 milioi euroko ekarpena egin dio jarduera horrek emaitza orokorrari, iazko lehen seihilekoan baino %8,3 gehiago. Produkzio berrian oinarritu da azken sei hilabeteetako hazkundea, salmentek %4,1 egin baitute gora.

Kostuei dagokienez, berriz, administrazio gastuak gehiago estutu ditu finantza erakundeak, gastu orokorrak %1,2 murriztuta.

Banka digitala, gora

Bestetik, bankuak dio salmenta digitalak %86 hazi direla iragan seihilekoan, eta online aritzen diren erabiltzaile kopurua %40koa dela dagoeneko. «Izan ere, Kutxabankek irtenbide digital ugari merkaturatu ditu aurten»: banka digitalek sakelako telefono bidezko Apple Pay, Samsung Pay eta Google Pay ordainketa zerbitzuak geitu dituzte.

Azkenik, finantza erakundeak azaldu zuen berankortasuna oinarrizko 48 puntu jaitsi duela, eta ekainaren amaieran %3,38koa zela, sektoreko apalena.

Emaitza onak Iberdrolak ere

Kutxabankez gain, Iberdrolak ere emaitzak hobetu ditu urteko lehen sei hilekoan: 1.644 milioi euroko irabazi garbiak lortu ditu, %16,6ko hazkundea pasa den urtearekin alderatuz gero.

Igoera hori Iberdrolak egin dituen azken inbertsioen emaitza da, CNMV merkatu arautzaileak adierazi duenez. Konpainia bilbotarrak 3.054 milioi euro inbertitu ditu, taldeak bere historian seihileko batean eginiko inbertsiorik handiena. Inbertsio horien %88 energia berriztagarrien proiektuetara eta transmisio eta banaketa sare erregulatuetara zuzendu ditu. Azken hemezortzi hilabeteak kontuan hartuz gero, 8.375 milioi euroko langara igotzen da inbertitutako diru kopurua.

Datuak ikusita, Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak aurreratu du urte amaierako emaitzak plan estrategikoan aurreikusi baino %10 hobeak izan daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.