Elkarri mokoka, bozetara

Espainian inbestidura saioa egiteko epea bihar amaituko da, baina alderdiek aukera uxatu dute

Pedro Sanchez eta Carmen Calvo Espainiako Kongresuan, atzoko saioan. BALLESTEROS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bihar arte du Espainiako Kongresuak inbestidura saiora deitzeko epea, eta, lehendik zalantza gutxi bazeuden ere, atzo argi utzi zuten ez dela posible izango ados jartzea. Elkarri mokoka jardun zuten alderdi nagusietako ordezkariek, gobernuaren kontrolerako saio bat baino hauteskunde kanpainako mitin aurreratu bat zirudien saioan. Ondorioz, azaroaren 10ean izango dira hauteskundeak Espainian.

Ez zuen autokritikarik egin Pedro Sanchez jarduneko presidenteak, eta beste alderdiek gobernuari ezarri dioten «blokeoa» izan da, haren arabera, gobernua ez osatu izanaren arrazoia. Alderdi nagusietako lider guztientzat izan zituen hitzak: Pablo Casadori (PP) estatu zentzurik ez izatea egotzi zion; Albert Riverari (Ciudadanos), «arduragabekeria»; eta Pablo Iglesiasi (Unidas Podemos), berriz, «dogmatismoa». Hauteskundeei begira, esan zuen espero duela hautesleek are eta gehiengo indartsuago bat ematea.

Jarduneko gobernuko kideek banan-banan erantzun zieten parlamentarien galderei. PPko ordezkariak izan ziren sua pizteko arduradunak, Casado eta Cayetana Alvarez de Toledo. Batak zein besteak gobernua osatzeko esfortzu gutxi egin izana aurpegiratu zioten Sanchezi, baita prozesu hori hauteskunde kanpaina gisa erabili izana ere. Mezu argi batekin amaitu zuen Alvarez de Toledok: «Zuen aholkulariek esan dizueten baino emaitza eskasagoak lortuko dituzue [azaroaren 10ean]».

Ildo beretik jo zuen Unidas Podemoseko Ione Belarrak: «Nahi zenuten egoeran zaudetela pentsa daiteke, zuen guru komunikatiboek uste dutelako eserleku bat edo beste gehiago lortuko duzuela hauteskundeak errepikatuta». Koalizio gobernua osatu ez izanaren ardura sozialistei bota zien, «azken bost hilabeteotan ez baitute ezer negoziatu».

Ciudadanoseko buruak, Albert Riverak, Kongresuko saioaren ondoren esan zuen Sanchezek «espainiarrei» egotzi diela gobernua osatu ez izanaren ardura, eta azaroko bozen ostean gobernua PPrekin osatzeko asmoa duela.

Egoerak kezka eragin du Hego Euskal Herriko agintariengan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak akordiorako «borondate falta» gaitzetsi zuen, nahiz eta «erruak» ez banatzeko eskatu. Nafarroako Gobernuak, berriz, Javier Remirez eledunaren ahotik, esan zuen haien nahia zela Espainian «gobernu egonkorra» egotea. Remirezek eskatu zuen Nafarroa «ez erabiltzeko» hauteskunde lehiarako.

155. artikulua

Gabriel Rufian ERCko diputatuak Kataluniari buruz galdetu zionSanchezi. 155. artikulua zeharka aipatu zuen jarduneko presidenteak: «Generalitatea berriz ere konstituzioa apurtzen saiatzen bada, beharrezkoa den edozein artikulu aplikatuko dugu».

Katalunian, Bartzelonako Udalak proposamen bat onartu zuen atzo, non hitzematen duen lider independentisten aurkako epaiketan izan daitekeen zigor epai baten aurka ekingo duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.