Osakidetzak eten egin ditu epaitegian dauden LEPen prozedurak

Murga sailburuak nabarmendu du epailearekin kolaboratzen ari dela. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gardentasunik eza leporatu diote

Nekane Murga sailburua eta Juan Diego Osakidetzako zuzendaria, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
2016-2017ko urteetako lan deialdi publikoko postuak emateko prozedurarekin ari da Osakidetza, auzitegian ikertzen ari diren 11 kategorietakoak salbu. Horiek behin-behinean etetea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta gaur argitaratuko du erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA).

Nekane Murga sailburuak azaldu duenez, «badaezpadako neurri gisa» eten dituzte. Gasteizko 2. Instrukzioko Epaitegiak horiei buruzko eginbideak hasi ditu, eta horiek argitu arte itxarotea erabaki dute. Auzibidean parte hartzen ari diren ESK eta LAB sindikatuek beste zortzi kategoriatan antzeman dituzte iruzur zantzuak. Prozesu horiek, baina, ez dituzte etengo, ezta gainerako 67ak ere; 30en behin-behineko ebazpenak argitaratu dituzte jada.

Neurria hartzeko «azkenera arte» itxarotea leporatu diote Murgari oposizioko taldeek. «Aspaldi egindako eskaera bat da, baina esaten zenuten legeak ez zuela baimentzen», gogoratu du EH Bilduko Rebeka Uberak. Antzera mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Cristina Makazaga. «Soilik guk ala epaitegiek eskatzen badugu hartzen dituzue neurriak eta ematen duzue informazioa».

Fiskalak epaitegira bidalitako idatzian 11 espezialitatetan sumatu zituen iruzur zantzuak, baina akusazio zehatza hirutan egin zuen. Epaileak hiru mediku jarri ditu ikerketapean: Anestesiako epaimahaiko kide bat, Angiologiako kide bat eta Digestio Aparatuko beste bat. Bi delitu aipatu zituen akusazioan: agirien zaintzan desleialtasunez jokatzea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea—, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zuten batzuei edukiak filtratzea—. Beste zortzi espezialitate hauek ere badaude ikerketapean, eta eten dituzte postuak emateko prozedurak: Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Medikuntza Intentsiboa, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kirurgia Kardiobaskularra.

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eginiko eskaera bati erantzunez Osasun Batzordean izan da Murga. Orain arte egindakoaz, eta, bereziki, epaitegira bidali duten dokumentazioaz aritu da; bere sailak «une oro» agertu duen «lankidetza eta gardentasun jarrera» nabarmendu du. «Jarraituko dugu justiziarekin lankidetzan, orain arte egin dugun bezala». Gaineratu du haiek direla «lehen interesatuak» gertaerak argitzen. Murgak azaldu du epaitegiak eskatutako guztia eman duela Osasun Sailak, eta epaileak ez duela informazio gehigarririk galdegin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.