Bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete LABeko bi sindikalistari

Huerta de Peralta enpresaren sarreran furgoneta bat jarri zuten greba eskubidea urratzen ari zela salatzeko, eta epaileak delitutzat hartu du

Huerta de Peraltako lan gatazkaren artxiboko irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Imanol Salinas eta Jose Javier Oses LABeko kideek erabaki zuten ez zirela auzi saiora bertaratuko, euren aurkako auziei ez zietela men egingo. Epaiketa egunean, Euskalerria Irratian izan ziren euren aurkako auziaren berri ematen. Orain etorri da lehen epaia, eta epaileak ebatzi du delitu bat egin zutela, urtarrilean enpresaren atarian furgoneta bat jarri zutelako. Fiskalak hamabi hilabete eskatzen zituen, eta epaileak bostera murriztu du zigorra.

Hala eta guztiz ere, LAB sindikatuak gogor salatu zuen epaia atzo. «Erabat salagarria da beharrezko eta zilegi zen ekintza sindikal batek delitu kalifikazioa jasotzea», kritikatu zuen. Iazko abenduan, Huerta de Peraltako langileek greba hasi zuten, enpresak lan eskubideak urratzen zituela gaitzesteko. Gatazkak 28 egun iraun zuen. Langileak enpresaren atarian jartzen ziren, eta Foruzaingoa hainbat egunez bortizkeria handiz oldartu zitzaien beharginei, gehienak Afrikako etorkinak. Huerta de Peralta enpresak Murtziako eta Almeriako lehengaiak ekarri zituen, eta, langileen greba eskubidea urratzen ari zirela salatzeko, ekintza hori egin zuten Osesek eta Salinasek.

Enpresak salaketa jarri zuen, baina, akordioa lortu ostean, atzera bota zuen. Baina Foruzaingoak aurrera jo zuen. Eta lehen epaia kaleratu delarik, LABek helegitea aurkeztuko du bi auzipetuen absoluzioa eskatzeko, edo, bederen, zigor kalifikazioa apaltzeko.

Epaile bera berriro

Hain zuzen ere, Sangiovesa jatetxearen kasuan hori gertatu zen. Iazko sanferminetan, jatetxe horretan egindako protesta bategatik auzitegiak lehen epaian erabaki zuen bi urteko espetxe zigorra jartzea Imanol Salinasi. Haatik, Nafarroako Auzitegi Nagusiak gero 450 euroko isuna baino ez zion ezarri sindikalistari. Sangiovesako auzian, auzitegi nagusiak agerian utzi zuen epailea, baina epaile horrek berak epaitu du berriz Salinas. Epaiketa hasi aurretik, «egoera bidegabe hori» salatu zuten Salinasek eta LABek.

Hala, kanpaina bati ekingo dio gertatutakoa salatzeko borroka sindikala aurrera lelopean. Etzi, Iruñeko Trinitariosko gunetik auto karabana bat abiatuko da, eta Justizia jauregiaren eta CEN patronalaren egoitzetatik pasatuko da. LABek argi dauka prekaritatearen aurka borrokatzen jarraituko duela. «Sektore horiei antolakuntza eta ekintza sindikalerako tresna eskaintzen jarraituko dugu».

Sindikatuak gogorarazi zuen Huerta de Peraltak langileen eskubideak urratu zituela hainbat urtez, eta lan ikuskaritzak, fiskaltzak eta Foruzaingoak ez zutela ezer egin. «Aldiz, prekaritatea salatzen dutenen aurka, zigor arlotik jotzen dute». Justizia sistema enpresaburuen esanetara dagoela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.