N-121-A errepidean kamioientzako bidesaria jarriko du foru gobernuak

Hiru sindikatuak kritikatu du garraiolariek azpiegitura berrordaintzeko modu bat dela neurria

N-121 errepidea, Olaguen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea - Joxerra Senar
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ezbeharrak eta hilak pilatzen ari dira N-121-A errepidean, Iruñea eta Irun (Gipuzkoa) artean, eta, inguruko herrien eskariari erantzunez, Nafarroako Gobernua neurri irmoak hartzen hasi da: iragarri du kamioientzako bidesari bat jarriko duela. Horren bidez, kamioilariek bide hori saihestea dute helburu: beste errepide batzuetatik egitea Nafarroa eta Gipuzkoa arteko bidea. A-15 autobidea da aukera bat. Istripu kopuru handia ikusita, errepidea igarotzen den inguruko 29 udalek kamioien zirkulazioa mugatzeko eskatu zuten, baina, Juan Carlos Unanua Igantziko alkatearen irudiko, gobernuak ez dio eskaera horri erantzun.

Atzo, gobernuko ordezkariek bilera bat izan zuten garraiolari elkarteekin, eta bertan eman zieten erabakiaren berri. Batetik, bileran garraiolariei azaldu zieten bide segurtasunarekin lotutako erabakia dela, errepideak ezbehar kopuru handia baitu; bestetik, gobernuak nabarmendu zuen bidesariak jartzearen ildoa bultzatzen ari dela Europako Batasuna. Gobernuak gaineratu zuen tren bidezko garraioa sendotu nahi dutela, «epe ertain eta luzera kamioi kopurua murriztuko duelako». Azken datuen arabera, egunean batez beste 10.276 ibilgailu pasatzen dira N-121-A errepidetik, eta horietatik 2.880 kamioiak dira.

Bidesaria ez da Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidean hartuko duen neurri bakarra. Besteak beste, erabaki du aurreratzeak mugatu egingo dituela, leku gutxiagotan aurreratu ahalko direla gainerako ibilgailuak. Kontrola ere areagotuko dute: Espainiako Trafiko Zuzendaritzari eskatu diote jar ditzala radar gehiago, batik bat bi errepide zatitan —Ezkabako tuneletatik Burutain artekoan eta Beratik Endarlatsa artekoan, istripu gehien duten eremuak baitira—. Gainera, Nafarroako Foruzaingoak kontrol gehiago jarriko ditu: 2018an 1.193 kontrol egin zituen, eta iaz, 1.452. Errepidean bertan ere hobekuntzak egingo dituzte, leku batzuetan asfaltoa aldatuta, bide seinaleak berrituta, edo margotutako marren zabalera handituta.

N-121-A errepiderako asmo handiagoak ere agertu ditu gobernuak: errepide osoa 2+1 motakoa izatea nahi du. Alegia, norabide bakoitzean bide bat izango lukete, eta tarteka, bi. Horrek modua jarriko luke aurreratzeak egiteko aurkako norabideko errailean sartu gabe. Gobernuaren esanetan, horrekin nabarmen gutxituko litzateke ezbehar kopurua.

Udalen eta Hiruren iritzia

Iragarpenak ez du Juan Carlos Unanua Igantziko alkatea ezustean harrapatu, aurretik ere neurri horietariko asko aipatu izan baitizkie gobernuak udalei. Haren esanetan, bidesaria kamioientzako disuasio neurri bat dela esatea «kontraesana» da. «Diote garraio astunen trafikoak atzera egitea nahi dutela, baina badira garraioa desbideratzeko neurriak babesten dituzten legeak. Azkenean, erabaki politiko bat hartu behar da, ausardiaz. Ez dute halakorik egin, ari dira kontua nahasten, noraezean». Gobernuak udalei argudiatu die kamioi trafikoa desbideratzea juridikoki «diskriminatzea» litzatekeela. «Eta bidesaria ezartzea juridikoki justifikagarria al da? Ez al da hori diskriminatzea?», galdetu du Unanuak. Igantziko alkatearen arabera, neurriok «gizartea ase» nahi dute, baina ez diote erantzun inguruko eskualdeetako 29 udalek aho batez egindako eskaerari: «Ez du zerikusirik horrekin».

Garraiolari autonomoen Hiru sindikatuak neurria irmo gaitzetsi du. «Bidesariak ez dira disuasio neurri bat, N-1 errepidean frogatu den bezala, baizik eta garraiolariek azpiegiturak berrordaintzeko modu bat». Hiruren arabera, horrela ez dira ezbeharren datuak hobetuko, eta tren garraioa bultzatzeko argudioa «aitzakia» baino ez da, «inbertsio eskasa eta kalitatezko garraio publikoa bultzatu ez izana» ezkutatzeko. Hiruren ustez, «zentzugabekeria da ez zehaztea bidesariak zer kostu izango duen herritarrentzat eta garraiolarientzat. Hiruren ustez, errepideak zerga bidez ordaindu beharko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.