Venezuelako bozak «iruzurtzat» jo, eta botereari eutsi nahi dio Guaidok

Jorge Rodriguez Komunikazio ministro ohia aukeratu dute Asanblea Nazionaleko presidente

Iris Vela eta Jorge Rodriguez, atzo, Venezuelako Parlamentura sartzen, Simon Bolivarren eta Hugo Chavezen argazkiekin. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Beste legealdi bat hasi zuten atzo Venezuelako Parlamentuan. Abenduaren 6ko legebiltzarrerako hauteskundeak irabazita, behe ganberako 277 eserlekuetatik 253ren jabe egin ziren Nicolas Maduroren GPP Polo Abertzale Handiak koalizioko kideak. Sartzeko unea bera ere berezia izan zen; 2015eko bozetan gehiengoa lortu zuten oposizioko kideek ganberatik erretiratutako Simon Bolivarren eta Hugo Chavez presidente ohiaren argazkiak aurrez zeuden tokian jarri baitzituzten. Ez ziren han izan Juan Guaido buru duen VP Herri Borondatea alderdiko kideak. Guaidok «iruzurtzat» jo zituen abenduko hauteskundeak, eta aurreko legealdia beste urtebetez luzatzeko asmoa iragarri zuen.

Oposizioak zuzenduriko legebiltzarrak herrialdeko behin-behineko presidente izendatu zuen Guaido 2019 amaieran, eta oposizioko kideak ez du kargu hori alde batera uzteko asmorik. Atzo, gobernuaren alderdiko kideek euren eserlekuak hartzen zituzten bitartean, orain arte parlamentuan nagusi izan diren oposizioko diputatuek bestelako legealdi baten hasiera irudikatu zuten ekitaldi alternatibo baten bitartez. Guaidok oposizioaren «gehiengoa» defendatu zuen, eta gobernuari egotzi zion euren aldeko diputatuak «jazartzen» aritu izana. «Diktadurak beldurra eragiten eta parlamentua militarizatzen duen bitartean, hemen jarraituko dugu Asanblea Nazional zilegiaren legealdiari eusten», esan zuen oposizioko kideak. Guaidoren esanetan, hauteskundeetan iruzurra egon zenez, ezin da ontzat eman eserleku banaketa, eta, ondorioz, aurreko hauteskundeetan aukeratutako diputatuek karguan jarraitu behar dute.

Oposizioko bi alderdi nagusiek, Herri Borondateak eta Henrique Caprilesen Lehenik Justiziak, uko egin zioten hauteskundeetan parte hartzeari, baina estrategia desberdinekin. Abstentziorako deia egin zuen Guaidok, 2015eko Asanblea Nazionalari eta, bide batez, bere behin-behineko presidentetzari eusteko; Capriles, berriz, prest agertu zen bozetan parte hartzeko, betiere nazioarteak ontzat ematen bazituen. Baina Europako Batasunak horiek egiteko «baldintzarik ez» zegoela ondorioztatu zuenez, Caprilesen aldekoek ere uko egin zioten. Hala, Guaidok oposizioko buruei batasunerako deia egin dien arren, ez dirudi sostengurik jasoko duenik alderditik kanpo.

Madurok, gehiengo zabala

Oposizioaren abstentzioari esker, Maduroren aldekoek erraz lortu zuten gehiengoa Asanblea Nazionalean. Hala, GPPk aste hasieran aurkeztu zuen parlamentuko mahaia osatzeko hautagaitza, zeina diputatuen gehiengoak babestu beharko duen. Asanblea Nazionaleko presidente karguan arituko da Komunikazio ministro izandako Jorge Rodriguez, eta presidenteordeak izango dira Espetxeetarako ministro ohi Iris Varela eta Aragua estatuko gobernadore Didalco Bolivar.

Venezuelako presidentearentzat, bi urte luze iraun duen krisiaren amaiera da legealdi berriaren hasiera. Izan ere, Guaido behin-behineko presidente izendatu zutenetik, nazioarteko agintarien babesa jaso du hark, eta kritika gogorrak Madurok. Baina, azken hilabeteetan, sostengua galduz joan da oposizioko kidea, eta AEBetako gobernu aldaketa izan da azken kolpea. Joe Biden presidente hautatuak Venezuelarekiko zer politika bultzatuko duen aurreratu ez duen arren, litekeena da aurreko legealdiko neurriak baino leunagoak izatea datozen lau urteetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.