Glovoko banatzaileen epaiketaren prozedura hasi da Bilboko auzitegian

Bizkaiko hiriburuan enpresak dituen 219 banatzaileak langile autonomoak ala soldatapekoak diren ebatzi behar du epaileak

LABeko kideak Glovoko langileei elkartasuna adierazten, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Dagoeneko abian da Euskal Herrian janari banatzaileen estatusari buruzko lehen epaiketa. Gizarte Segurantzak Glovo enpresa salatu du, uste baitu legea hausten duela Bilboko banatzaileak autonomo gisa izateagatik, benetan soldatapekoak izan beharko luketenean. 219 banatzaile agertzen dira auzibidean, eta epaiketan haietako zeintzuek deklaratu behar duten erabakitzekoa zuten atzo, Bilboko epaitegian. Eraikinaren kanpoan elkarretaratzea egin zuen LABek, langileei elkartasuna adierazteko eta informazioa emateko. Auzian esku hartzen ari da, hamabost banatzaileren ordezkaria baita, Riders X Derechos elkartearekin batera.

Langileen erregimenaren auziaz gain beste hainbat ertz daudela azaldu zuen Iker AlonsoLABeko ordezkariak: «Langile hauek muturreko baldintza prekarioetan ibili dira lanean; horregatik, modu kolektiboan antolatzera animatu nahi ditugu».

Gizarte Segurantzak jarri du salaketa, iruzurra egin dutelakoan. Alonsok kontatu du hiru iruzur mota daudela auzi horren atzean: «Lehenik, beste enpresekiko iruzurra, lehia bidegabea egiten dutelako; bigarrenik, langileen estatusaren ingurukoa; eta, azkenik, gizartearen aurkakoa, kotizazio iruzurrak administrazio publikoari eragiten diolako». LABek dio halako lan harremanak ugaritzen ari direla plataforma digitaletan, eta fenomeno horrek langile klasearen eskubideei erasotzen diela.

Ez da enpresaren aurkako lehen epaiketa —Espainiako auzitegiek 41 epaiketa egin dituzte jada—, baina Alonsok salatu duGlovok ez duela jokabidez aldatu. Epaiketa lehen pausoa dela esan du; gerora ere beste hainbeste langilek banakako salaketak jarri beharko dituzte, eta, horregatik, Glovoko langileen borroka sektorearentzat eredugarri izan daitekeela deritzo. Antzeko iruzur guztiak kontrolatzeko, lan ikuskaritzak indartzea eskatu dieLABek Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.