ELA kexu da Ertzaintzak Maiatzaren Lehenerako jarri dizkion mugekin

Hegoaldeko lau hiriburuetara deitu ditu langileak. Adierazi du manifestatzeko eskubidea aski arrazoi dela itxiera perimetrala hausteko

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Aurten ere ezohikoa izango da Maiatzaren Lehena. Iaz, sare sozialetan eta etxeetako balkoietan ospatu zuen bere eguna langile mugimenduak; aurten, kalera itzuli ahal izango da, baina pandemiari aurre egiteko neurriek dakartzaten mugak errespetatuz. Joan-etorriak gutxitzeko neurri horiek gatazka sortu dute Ertzaintzaren eta ELAren artean. Poliziak sindikatuari ohartarazi dio itxiera perimetrala indarrean dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirietan eta herri nagusi gehienetan, eta, horren ondorioz, beste herrietako manifestaririk ez duela onartuko. ELAk iragarri du helegitea jarriko diola Ertzaintzaren ebazpen horri, «manifestaziorako eskubidea urratzen duelako».

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren 2021/16 dekretua aipatu du bere helegitea defendatzeko. Haren arabera, ekintza sindikalerako egiten diren joan-etorriak baimenduta daude; horietako bat iruditzen zaio sindikatuari manifestaziorako eskubidea ere. «Manifestazioek iraupen mugatua dute, aurrez zehaztutako ibilbidearekin, eta, jakina, kalean egingo dira, osasun neurri guztiak errespetatuz (maskaren erabilera, distantzia...)». Sindikatuak nabarmendu duenez, muga gutxiago eta permisibitate handiagoa dago lanerako mugimenduekin, «eta langileakegunero joaten dira lanera», Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoaren esanetan.

Pandemia kontrolatzeko neurriek behartuta, ELAk alde batera utzi du Maiatzaren Lehenean manifestazio bakar bat egiteko ohitura. Hego Euskal Herriko lurraldeak itxita daudenez lanerako eta larrialdiren baterako ez bada, Bilbora ez ezik (11:30ean), Gasteizera, Iruñera eta Donostiara ere deitu ditu afiliatuak (11:00etarako hiru horietan). Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan hartuko du parte.

Muñoak azaldu du zein den aurtengo leloa: Aldaketa garaia da!. ELAko idazkari nagusiaren albokoak ziurtatu duenez, pandemiak inoiz baino ageriago utzi du eraldaketarako premia, milaka lagunen osasuna eta egoera ekonomikoa mehatxupean baitaude —bereziki, emakumeena—, eta gizarte desberdintasunak areagotzeko bidean dira. «Zirt edo zart egiteko garaia da. Datozen aste eta hilabeteetan hartuko diren erabakiek markatuko dute zer-nolako irteera emango zaion krisialdiari».

Erabaki horien artean dago nola banatuko diren Europako Batasunaren suspertze funtsak. ELAk aste batzuk daramatza funts horien aurkako kanpaina betean, «tranpa bat» iruditzen baitzaizkio: «Murrizketak eragingo dituzte. Bruselak emandako aginduei jarraituz, Espainiako Gobernuak pentsioak urritu nahi ditu, eta erretiroa hartzeko aukera atzeratu. Europako Batasunaren trantsizio ekologiko delakoak multinazionalen makroproiektuak lehenesten ditu, murrizketak eta austeritatean oinarritutako aurrekontu politikak ezartzearen truke».

Lan erreforma bertan behera uztea ezinbestekoa dela ere nabarmendu du Lakuntzak. Gogorarazi duenez, azken hilabeteotan ehunka langilek greba egin dute edo egiten ari dira, «etekinak lortzen dituzten enpresak jendea kaleratzen ari direlako, haien neurrira egindako legedia baliatuz». Hala, lan arloko lege horiek indargabetzeko eskatu du. «Patronalak, Espainiako Gobernuak eta Urkulluk berak uste dute lan erreforma ez dela indargabetu behar, ez delako une egokia. Pandemia da orain aitzakia. ELAk, aldiz, uste du hori ere badela arrazoia lan erreformak indargabetzeko, milaka langile ez ditzaten kaleratu enpresek nahi bezala».

Zerga erreformaren beharra

Krisiari erantzuteko, zerga erreforma egiteko garaia ere badela aldarrikatu du: «Bestela, krisiari emango zaion irteerak desberdintasunak areagotuko ditu. Halako erreformarik gabe, zorra ordaintzeak lehentasuna izateak murrizketa gehiago ekarriko baititu ezinbestean». ELAren arabera, hiru ardatz izan beharko lituzke erreforma horrek: errenta handia dutenek, enpresen etekinek eta ondareek gehiago ordaintzea.

Lakuntzak gogor kritikatu ditu Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, haren iritziz ez direlako gai izan neurriak hartzeko «pandemiak agerian jarritako kapitalismoaren irrazionaltasuna eta injustizia» arintze aldera. «Irrazionaltasun hori gurean ere agerian geratu da. Iruñeko eta Gasteizko gobernuak ez dira krisialdi honetatik ondoriorik ateratzeko gauza. Zaintza sektorea publifikatzea, Osakidetza eta Osasunbidea indartzea, hezkuntza sistema hobetzea eta krisiak eragindako pertsona eta sektoreei babesa ematea... Halakorik ez dago Urkullu eta Txibiteren agendan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.