Nieblaren kasuan genero astungarria atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ia hamahiru urteko zigorra ezarri zion gizon bati Niebla hiltzeagatik. Auzitegi Nagusiak zigorra murriztu du

Iazko abenduan egin zuten epaiketa, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Asier Niebla Urnietako (Gipuzkoa) gaztea hiltzeagatik, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hamabi urte eta 11 hilabeteko zigorra ezarri zion gizon bati iragan urtarrilean. Akusatuari giza hilketa leporatu zioten, eta genero astungarria ezarri zioten. Orain, ordea, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du genero astungarria, eta zigorra hamaika urte eta sei hilabetera murriztu dio akusatuari; urte bat gutxiago, alegia.

2018an izan ziren gertakariak, Donostiako Perujuantxo kalean.Andre batekin hizketan ari zela, gizonezko batek kolpe bat eman zion Nieblari buruan; erori, eta konorterik gabe gelditu zen. Bi hilabete koman eman ondotik zendu zen ospitalean. Erasotzailearen bikotekide ohia zen emakumea, eta akusatuak epaiketan deklaratu zuen bikotekide ohia Nieblarekin ikusi eta «inpotentziagatik» eraso egin ziola.

Auzitegiak zehaztu du ezin dela frogatu Zigor Kodeko 22. artikuluak aurreikusten duen genero astungarriaren aplikazioa. Epaiaren arabera, artikulu hori aplikatzeko, akusatuak emakumearen aurkako erasoa hura emakume izate hutsagatik egin beharko luke, eta haren aurrean nagusitasun sentimendua agerian erakusteko asmoz. Nieblaren kasuan, ordea, epaiak dio ez direla baldintza horiek betetzen, eta ondorioz ezin dela genero astungarria aintzat hartu.

Familiaren abokatuak eta Urnietako Udalak —epaiketan akusazio partikular gisa aurkeztu zen— hasieratik nabarmendu zuten Nieblaren hilketaren atzean oinarri «matxista» bat zegoela. Epaiketan biek ala biek nabarmendu zuten emakume batekin solastatzen ari zelako jo zuela akusatuak Niebla, eta, beraz, genero indarkeria zegoela auziaren muinean. Bortz egun daude orain errekurtsoa aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.