Banatutako familien bilerez hitz egitea proposatu dio Hego Koreak Ipar Koreari

Piongiangek mintzatzeko planteamenduak baztertzen baditu ere, «behin eta berriz» ahalegintzen jarraitzeko asmoa dauka Seulek

Igor Susaeta.
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Koreako gerrak (1950-1953) banatutako familien 21 bilera sail egin dituzte 2000az geroztik, armistizioaren ostean Hego Koreak eta Ipar Koreak aurreneko aldebiko bilkura egin zutenetik. Familien azken bilera 2018an egin zuten, ordea, eta Hego Koreako Bateratze ministro Kwon Young-sek adierazi dio Ipar Koreari atzera bilera horiek egiteaz hitz egin beharko luketela. «Ez da denbora askorik geratzen. Hilero, banatutako familietako 400 bat kide hiltzen dira. Hortaz, uneotan 80 eta 90 urtetik gorako 40.000 pertsona soilik geratzen dira», zehaztu zuen Kwonek, atzo. Bi herrialdeen arteko erlazioak, baina, ez daude bere onenean. Piongiangek ez baitu Yoon Suk-yeol lehen ministroarekin harremanik edukitzeko asmorik.

Bateratze ministroa Chuseok ospakizuna hasi aurreko egunean mintzatu zen. Horretan, korearrek esker ona azaltzen dute jasotako uztarengatik, eta arbasoak omentzen dituzte. Hain zuzen, ospakizun horren bueltan antolatu izan dituzte banatutako familien arteko bilerak. «Jai hauek bakardadean eta senideak zein jaioterria faltan sumatuz igaroko dituzte banatutako familiek», nabarmendu zuen Kwonek. Bide batez, zalantzan jarri zuen azkeneko bi hamarkadetan bilerak egiteko erabili duten formatua, iritzita mugatua dela eta familia guztiek ez dutela horretarako aukerarik eduki.

Aurreikuspenak ez dira onak, nahiz eta Hego Koreako Bateratze ministroak esan zuen espero duela «bi aldeetako» funtzionarioak «auzi humanitarioez» hitz egiteko aurrez aurre «lehenbailehen» biltzea. Ipar Koreak hitz egiteko proposamenak baztertzen baditu ere, Hego Koreak du «behin eta berriz» ahalegintzen jarraitzeko asmoa, Kwonen esanetan.

Harremanek, okerrera

Yoon kontserbadoreak joan den maiatzean hartu zuen kargua, eta bere promesetako bat izan zen Hego Korearen gaitasun militarra handitzea. Baina bi herrialdeen arteko erlazioak okerrera egin du azken urteetan; batik bat, 2020ko ekainean Ipar Koreak bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoetarako bulegoa suntsitu zuenetik. Piongiangek inoiz baino proba gehiago egin ditu aurten misilekin, eta 2017az geroztik aurrenekoz kontinenteen arteko bat jaurti du.

Seulek azken asteetan proposatu dio Piongiangi laguntza humanitarioa ematea, programa nuklearra alboratzearen truke. Ipar Koreak, baina, proposamena baztertu du, iritzita «ezin absurdoagoa» dela. Horri buruz galdetu zioten atzo Kwoni, eta nabarmendu zuen Hego Koreak kontuan hartuko dituela Ipar Korearen balizko «eskakizun humanitarioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.