Errusiak esan du prest dagoela AEBekin Ukrainako gerraz aritzeko

Europako Batzordea eta Alemania Errusiako aktiboak konfiskatzearen alde agertu dira, gero horiek Ukrainaren berreraikuntzan erabiltzeko

Osokorivkako herritar bat (Ukraina) teilatu bat konpontzen, atzo. H. HANSCHKE / EFE.
ander perez zala
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Errusiaren Ukrainako inbasioak zortzi hilabete bete dituen honetan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak elkarrizketarako beste saiakera bat egin zuen herenegun, Frantzisko aita santuari eskatu baitzion Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta Joe Biden AEBetakoarekin mintzatzeko bake prozesu bat sustatze aldera. Kremlinek begi onez ikusi du proposamen hori, Dmitri Peskov bozeramaileak atzo adierazitakoaren arabera, eta prest legoke «denekin» hitz egiteko. «Baina oinarri batekin abiatu behar dugu: Ukrainak debekatu egin zuela negoziazioek aurrera jarraitzea».

Peskovek «egokitzat» jo zuen Macronek proposaturikoa, baina ohartarazi zuen «inork» ez duela «ezer esan» Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ezarritako debeku horri buruz; hilabete hasieran, dekretu bidez, Zelenskik erabaki zuen ez dutela Putinekin ezer negoziatuko. Horrek, hortaz, atea itxi zien elkarrizketei, Errusiako estatuburua aldatzen ez den bitartean edo Kievek jarrera moldatzen duen arte.

Iragan irailaren amaieran, Khersonen, Zaporizhiaren, Donetsken eta Luhansken anexioez aritzean, Putin prest agertu zen Zelenskirekin negoziatzeko; Ukrainako presidenteak, ordea, ezetz erantzun zion, besteak beste, gerra frontean armadaren kontraerasoa arrakastatsua izaten ari baita. Eta badirudi Moskuren eta Kieven jarreretan ez dela aldaketarik izango, ezusteko handirik ezean. Lerro hauek idazterako, Frantzisko aita santuak ez zuen ezer esan Macronen proposamenaz.

Laguntza, «lehenbailehen»

Gerra ez da eten, baina Ukrainaren aliatuak dirua biltzen ari dira herrialdea berreraikitzeko, eta atzo horretarako beste egun bat antolatu zuten. Zelenskik eskerrak eman zizkien, eta eskatu zuen laguntza hori «berehala» bidaltzeko.

Hitzordu horretan, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Alemaniako kantziler Olaf Scholz zera egitearen alde agertu ziren: izozturiko Errusiako aktiboak konfiskatu, eta gero horiek Ukrainaren berreraikuntzarako erabiltzearen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.