Netanyahu ustelkeriagatik auzipetu ala ez erabakiko duen prozedura hasi dute

Israelgo fiskal nagusiak lehen ministroa hiru auzirengatik epaitzeko asmoa agertu izan du. Defentsari iruditzen zaio auziak artxibatuko dituela

Igor Susaeta.
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ustelkeriarekin lotutako hiru auzi direla eta, Avichai Mandelblit Israelgo fiskal nagusiak adierazi izan du Benjamin Netanyahu auzipetzeko asmoa duela. Baina hori eragozteko, lehen ministroaren kontrako epaiketa saihesteko, azken aukera bat du bere defentsak. Aurrez aurreko lau entzunaldi edukiko ditu fiskalarekin, eta ahaleginduko da hura konbentzitzen karguak murriztu edo bertan behera utz ditzan. Atzo izan zen lehen entzunaldia, Jerusalemen, Justizia Ministerioan, eta, hasi aurretik, Netanyahuren defentsak nabarmendu zuen uste duela hiru kasuak artxibatuko dituela Mandelblitek. «Oinarri sendo bat dugu norabidea aldatzeko», azaldu zuen Ram Caspi abokatuak. Fiskala urte bukaerarako da erabaki bat hartzekoa.

Netanyahu ez zegoen entzunaldira joatera derrigortuta, eta ez zen joan. Entzunaldiak zuzenean, telebista bidez, emateko eskaera egin zion Mandelbliti, baina fiskal nagusiak eskaera ukatu zuen. Netanyahu lehen ministro ia-ia betierekoarentzat, ezkerreko komunikabideek eta alderdiek hauspotutako «sorgin ehiza baten» biktima izaten ari da.

Hiru kasurengatik dago auzipetua izateko zorian. Lehen kasuaren arabera, Arnon Milchan zinema ekoizlearen eta James Packer enpresariaren opariak onartu zituzten Netanyahuk eta haren emazteak —260.000 bat euro oparitan—, mesedeen truke. Bigarren kasuan ikertu dute ea lehen ministroa ahalegindu zen Yedioth Ahronoth egunkariarekin akordio bat egiten, berari buruzko albiste onak kaleratzearen truke Israel Hayom egunkariaren banaketa sistemari trabak ezarriz. Eta ikertu dute, gainera, telekomunikazio enpresa baten alde jokatu ote zuen Netanyahuk, enpresa horren menpeko agerkari digitaletan bere aldeko albisteak agertzearen truke.

Negoziazioak etenda

Auzipetua dagoen bitartean, lehen ministro bat ez dago kargua uztera behartuta. Netanyahuk parlamentuko kideei immunitatea emateko lege bat onartu nahi du. Halere, aurrena gobernua osatu beharko du, eta irailaren 17ko bozen emaitzak ikusita, lanak izango ditu. Gobernua osatzeko ardura eman zion Reuven Rivlin presidenteak lehengo astean, baina oraingoz ezin izan du Urdina eta Zuria koalizio liberalarekin bildu. Hauteskundeetan boto gehien lortu zituen indarrak negoziazioak eten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.