Myanmar armaz hornitzea egotzi diete Txinari, Errusiari eta Serbiari

Baliabide militarren esportazioa eteteko eskatu die NBEren aditu batek hiru herrialdeei, arma horiek zibilen kontra erabili direla ziurtatuta

Manifestari bat Errusiaren eta Txinaren arma salmenta salatzen. H. TYAGI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Txina, Errusia eta Serbia Myanmarko junta militarrari armak saltzen ari direla salatu du Tom Andrews NBE Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak, asteartean aurkeztu zuen txostenean. Giza eskubideen gaineko NBEren aditu independenteak nabarmendu du estatu horiek esportatu dituzten armak zibilen kontrako «krimen krudelak» egiteko erabili direla, eta dei egin dio NBEren Segurtasun Kontseiluari lehenbailehen Myanmar helburu duten arma salmentak debekatzera —Txina eta Errusia Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira, eta beto eskubidea dute organoaren bozketetan—.

Andrewsek bere txostenean jaso duenez, Moskuk eta Pekinek hegazkin militarrekin eta tankeekin hornitu dute junta azken urtebetean, iazko otsailetik Myanmarko militarrek estatu kolpea eman zutenetik; Serbiak suziriak eta artilleria saldu dizkio epe berean, eta Indiak armamentua urrutitik erabiltzeko kontrolguneak.

Serbiak ukatu egin du militarren kolpeaz geroztik Myanmarri armak saldu dizkiola. Ohar bidez adierazi duenez, iazko martxoan indargabetu egin zituen armen esportaziorako akordioak.

NBEren adituak salmentak eteteko eskatu die lau estatuei. «Juntaren krimen krudelak geldiarazteko, armetara duen sarbidea eragotzi behar da lehenik. Mundua horretan zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta jende gehiago hilko da; haurrak barne».

Myanmarri armarik ez saltzea eskatzen zuen ebazpen bat onartu zuen iaz NBEren Batzar Nagusiak, baina ez du halakorik eragotzi. Akordio hori lotesle bihurtzeko eskatu dio Andrewsek NBEren Segurtasun Kontseiluari.

Myanmarren, protesta jendetsuak eragin zituen militarren iazko kolpeak, eta juntak bortizki isilarazi zituen. Ordutik, gutxienez 1.500 zibil hil dituzte, NBEren arabera, eta 300.000 desplazatu eragin nekazaritza eremuetan, militarren eta oposizioko gerrillen arteko gatazkaren ondorioz. Myanmarko juntak argudiatu du «terrorismoaren» kontra ari dela borrokan, eta NBEren «esku hartzea» salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.