CUPen adar Poble Lliure Espainiako Kongresuko bozetara aurkeztuko da

Ez du zehaztu koalizioa osatuta aurkeztuko den. CUPen iritziz, erabakia «transzendentea» da
CUP koalizioa, joan den abenduko ekitaldi politiko batean.
CUP koalizioa, joan den abenduko ekitaldi politiko batean. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Ane Ubegun Goikoetxea -

2019ko martxoak 14
Astearte gauean jakinarazi zuen Poble Lliure Kataluniako CUP koalizioaren barruko alderdiak Espainiako Kongresuko hauteskundeetara aurkeztuko dela, datorren apirilaren 28an. Argitaratutako adierazpenean azaldu du hautagaitza «egiazko alternatiba» izango dela Junts per Catalunya eta Esquerra alderdien diskurtso «erreformista eta bideraezinaren» aurrean. CUPen kontseilu politikoak igandean adostu zuen hauteskunde horietara ez aurkeztea —37 boto alde, hogei aurka eta lau abstentzio—. Poble Lliureri erantzun dio esanez erabaki «transzendentea» dela, eta ohartarazi dio koalizio barruko harremanean eragingo duela hautuak. Poble Lliurek ostiralera arteko epea du hautagaitza bakarka edota beste alderdiekin koalizioa osatuta aurkezteko.

«Ez dago bereizketa arriskurik. Poble Lliurek ez du halakorik mahaigaineratu; eta ez dugu nahi hori izaterik eztabaida politikoaren zentroa». Hala adierazi zuen atzo Guillem Fuster Poble Lliureko bozeramaileak, CUPek komunikatu batean esan ostean erabaki horrek ondorioak izango dituela CUP koalizioaren osaketan, eta ondorio horiek epe laburrera eta ertainera aztertu eta ebaluatu beharko dituela. Fusterrek azaldu zuen «gogorregia» izan dela CUPek Poble Lliureren erabakiari eman dion erantzuna, baina «errespetatu» egin dutela: «CUPekin hitz egin dugu. Komunikazioa beti da ona, gu ere CUP garelako, eta komunikabideei erabakiaren berri eman aurretik hitz egin genuen haiekin». Poble Lliurek eskatu die herritarrei «boto irmo, errepublikano eta ezkertiarra» emateko hauteskundeetan, «erregimenaren hausturan aurrera egin ahal izateko».

Xingola horien debekua

Hauteskunde batzordeak Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteari agindu zion xingola horiak eta esteladak kentzeko eraikin publiko guztietatik. Astelehenean hartu zuen erabaki hori, Ciutadans alderdiak salaketa jarri ostean. 48 ordu eman zizkion presidenteari agindua betetzeko, baina ez du bete. Horren ondorioz, zigor administratibo bat jaso dezakeela azaldu dio Torrari Dolores Delgado Justizia ministroak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna