Transexualak gaixotzat ez jotzeko lege aldaketa abian da Eusko Legebiltzarrean

PP bakarrik dago aurka, ados dira beste taldeak: azterketa psikiatrikorik ez da egin behar transexual izaera onartzeko. Aspaldiko eskea da

Transexualitatearen despatologizazioaren aurkako protesta bat. I. URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Ez da gaixotasun bat, nahasmendu bat edo anomalia bat; giza aniztasunaren parte da». Transexualitatea hizpide, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk bat egin dute mezu horretan. Horiek horrela, Eusko Legebiltzarrean lege proposamen bat onetsiko dute, zeinaren bidez transexualen izaera onartuko den, haien «autodeterminazio askea» aintzat hartuta: «Ez da beharko inolako diagnostikorik, txosten psikiatrikorik, psikologikorik edo tratamendu medikurik». Proposamenaren helburua da aldaketa bat egitea 2012. urtean transexualak genero identitateagatik ez baztertzeko eta haien eskubideak aitortzeko onetsi zen legean, sarri askotan transexualen eskubideen alde ari diren elkarteek eskatutako norabidean; izan ere, despatologizazioa aspalditxoko aldarria da.

PP bakarrik geratu da proposamen horretatik kanpo, eta oztoporik gabe onartzea espero da. Helegiterik ezingo da jarri, gainera, eta ez dago arriskurik izapideak luzatzeko. Osoko bilkura batean eztabaidatu eta gero onartuko da lege aldaketa, eta erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratu ostean sartuko da indarrean.

EH Bilduk ohar baten bidez esan du berak «aurkeztutako» proposamena zela; pozik dago parlamentuko gainerako taldeen partetik jaso duen erantzunarekin. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak egindako urratsaren garrantzia nabarmendu du. «Aldaketa txikia dirudien arren, aldaketa nabarmena dakar; izan ere, aldez aurreko azterketa psikiatrikoa ezabatzen du legetik». 2012ko legea «patologizazioaren norabidean» goldatuta zegoela esan du, eta egin beharreko aldaketa zela: «Muga hori ezabatzea ezinbestekoa zen». Hala ere, «identitate anitzak» onartzeko bidea oraino luzea dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.