LGTBIfobiak eragindako erasoen kontra neurri «errealak» eskatu dituzte

Salatu dituzte hainbat erakunde politiko eta erlijiosok zabaldutako gorroto mezuak. EAEko araudia «zaharkituta» dagoela adierazi dute

EHGAMek deitutako protesta, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jon Rejado.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aniztasun afektibo eta sexualaren kontrako gorroto erasoen harira, «konponbide material eta errealak» eskatu dituzte ehunka pertsonak Euskal Herriko kaleetan. LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko eguna gogoan, hainbat mobilizazio egin ziren atzo. Horietan, ordezkari politikoei eskatu zieten ahalegin handiagoa egiteko eraso horien aurka.

Gogor kritikatu zituzten zenbait sektoretatik zabaldutako gorroto mezuak: Eliza katolikoak homosexualitatea sendatzeko terapien alde zabaldutako mezuak; Hazte Oir elkartearen autobusak; PPk, Ciudadanosek eta Voxek LGTBI kolektiboen eskubideei buruz esandakoak... «Eraso egiten digutenak zuritzen dituzte, eta beste alderdi politikoen erantzunak epelegiak dira», nabarmendu zuen Bizkaiko E28 Koordinakundeak agiri baten bidez. Horiek guztiak gogoan, Gehituk Vox alderdiari eman dio 2019ko Latorrizko Gehitu saria. LGTBI pertsonen eskubideak gehien «oztopatzen eta zapaltzen» dutenek jasotzen dute saria.

EAEko araudiari kritikak

Bestalde, Espainiako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen federazioak EAEko araudian jarri du arreta. «Zaharkituta» eta «urardotuta» dagoela ondorioztatu du. Eusko Legebiltzarrak 2012an onartu zuen pertsona transexualen eskubideak babesteko legea. Ordea, federazioaren iritziz horrek ez ditu LGTBI kolektiboen «oinarrizko beharrak» jasotzen. Are, gaineratu du araudi horretan ez dagoela eskubide horiek urratzeagatik ezar daitezkeen zigorrik zehaztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.