Puigdemont behin-behinean eurodiputatu izatea baztertu du EBko justiziak

Luxenburgok ez du onartu presidente ohiari kautelazko neurriak jartzea. Gorenak Junquerasen immunitateaz galdetuko du auzitegi berean

Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Europako Parlamentua osatzeko saioa egingo dute gaur Estrasburgon (Frantzia), baina Carles Puigdemont eta Antoni Comin erbesteratuak ez dira bertan izango, nahiz eta europarlamentari izateko aukeratu zituzten, joan den maiatzaren 26ko hauteskundeetan. Duela bi aste ezin izan zituzten diputatu aktak tramitatu Espainiako Hauteskunde Batzordean, eta Europako Parlamentuak, horrenbestez, ez ditu parlamentaritzat jotzen. Generalitateko presidente ohiak eta Osasun kontseilaria zenak erabaki horren aurkako kautelazko neurriak hartzeko eskatu zioten EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren menpeko auzitegi bati. Ostiralean jarri zuten hori eskatzeko helegitea, eta auzitegiak atzo arratsaldean kaleratu zuen ebazpena: ez dagoela kautelazko neurriak ezartzeko arrazoirik.

Horren berri eduki eta segituan, Twitter bidez mintzatu zen Belgikara erbesteratutako presidente kargugabetua. «Jarraituko dugu! Oso zaila zen tramiterako onartua izatea». Izan ere, Europako Parlamentuak joan den astean hartutako erabakiaren aurkako beste helegite bat jarri zuten Puigdemontek eta Cominek EBko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, eta tramiterako onartu du. «Prest gaude laster egingo den bistarako», gehitu zuen 2016ko urtarrila eta 2017ko urria artean Kataluniako Gobernuko presidente izan zenak. Zenbait hedabidek iturri judizialak aipatuta kaleratu dutenaren arabera, Luxenburgok hilabete batzuk barru ebatziko du auziaz.

Eta prozesu subiranistarekin loturiko beste auzi bat iritsi da auzitegi berera: Espainiako Auzitegi Gorenak Oriol Junquerasen immunitate parlamentarioaz galdetuko dio Luxenburgori. Generalitateko presidenteorde kartzelatua ere eurodiputatu aukeratu zuten bozetan, baina Gorenak ez zion utzi akta hartzen. Junquerasen defentsak eskatu zion Gorenari auziari buruz galdetzeko Luxenburgori. Hala egingo du. Fiskaltza kontra agertu zen.

Mobilizazioa Estrasburgon

Errepublikaren Kontseiluak deituta, independentista katalanek protesta egingo dute gaur Europako Parlamentuaren parean. Antolatzaileen ustez, 6.000 bat lagun elkartuko dira. Quim Torra Generalitateko presidentea ez da joango, ezta Puigdemont ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.