Fernandez aise nagusitu zaio Macriri Argentinako boz orokorren primarioetan

Botoen %47 lortu ditu Frontea Denontzat koalizio peronistak. Egungo presidenteak oposizioari eskatu dio bere planen berri emateko

Igor Susaeta.
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Datorren urriaren 27an egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Argentinan, eta, horiei begira, oposizioak kolpe gogorra eman dio Mauricio Macriri. Primarioak egin zituzten herenegun, eta horietan Alberto Fernandezen eta Cristina Fernandez herrialdeko presidente ohiaren (2007-2015) Frontea Denontzat koalizio peronista nagusitu zen, aise. Botoen %47 bereganatu zituen, eta egungo presidentearen Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioak, %32. Pozarren zegoen Alberto Fernandez, eta bere jarraitzaileei adierazi zien «Argentina berri bat» sortzea duela helburu.

Inkestek esaten zuten, oro har, fronte peronista nagusituko zela, baina iragartzen zuten 2015etik presidente denaren koalizio neoliberalari alde txikiagoa aterako ziola. Urriko hauteskundeetako emaitzetan ere aldeak azkenean herenegungoak bezain handiak baldin badira, ez da bigarren itzulira joateko beharrik izango. Kontaketa eginda, abstentzioak eta boto zuriak kanpoan uzten direnean, botoen %45 nahikoa izango dira presidentetza lortzeko.

Etor litekeenaren termometro gisa funtzionatzen dute primarioek Argentinan, eta, horregatik, Fernandezen jarraitzaileek garaipentzat hartu zituzten emaitzak. «Inoiz ez gara ero batzuk izan. Beste batzuek hondatu dutena konponduko dugu», adierazi zien Fernandezek, Macri inplizituki aipatuz.

Presidenteak adierazi zuen inkestek «huts egin» zutela, baina porrota onartu zuen. Hori bai, ez du amore eman nahi oraindik, eta oposizioari eskatu zion «erantzukizunez» jokatu dezala, eta azaldu dezala zer «plan» duen.AEBen, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren eta merkatuen babesa du Macrik. Gogorarazi zuen Buenos Airesko burtsak gora egin zuela ostiralean, inkestek adierazi zutenean emaitzak bere aldekoak izango zirela. Horregatik, ofizialismoaren porrota aintzat hartuta, Buenos Airesko burtsa %12 jaitsi zen atzo, eta pesoa %24 debaluatu zen dolarraren aldean.

Sei hautagai

Botoen %1,5 baino gehiago jasotzen dituztenak lehiatu daitezke gero hauteskundeetan, eta seik lortu dute langa hori gainditzea: Fernandezek, Macrik, Roberto Lavagnak (%8,3), Nicolas Del Cañok ( %2,9), Juan Gomezek (%2,6), eta Jose Luis Espertek (%2,2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.