Erabaki eskubidea xedapen gehigarrian jasota, bete beharrekotzat du EAJk

EH Bilduk uste du «urtebete galdu» dela aditu taldearekin. PSE-EEk ez du parte hartuko «autodeterminazioa ageri den ezein testutan»

Joseba Egibar, ostegunean, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politikoa erreformatzeko testu artikulatua prestatu duen aditu taldeak bihar utziko du bere txostena Eusko Legebiltzarraren esku, baina zenbait eduki jakinak dira jada, eta horiei buruz mintzatu ziren atzo alderdi politikoetako ordezkariak Radio Euskadin. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak, esaterako, nabarmendu zuen erabakitzeko eskubidea dokumentuan xedapen gehigarri gisa jasotzeak «bete beharreko» egiten duela eskubide hori. Era berean, EH Bilduk aurkeztuko duen testua kritikatu zuen Egibarrek: «Euskadiren etorkizunari buruzko galdeketa galdu egiten da herritarrei gai ezberdinei buruz egin dakiekeen kontsulta mota guztien artean».

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, ordea, uste du aditu taldeak ez duela errespetatu Eusko Legebiltzarrak emandako zeregina, iritzita ez direla oinarritu Autogobernu Lantaldean adostutako oinarri eta printzipioetan, eta, beraz, «urtebete galdu» dela autogobernua eguneratzeko prozesuan. Jose Ramon Becerrak (Elkarrekin Podemos), ordea, uste du eztabaida ez dela «erabakitzeko eskubidea bai edo ez —hori ere bai—, baizik eta talde politikoak zer jarrerarekin joango diren Autogobernu Lantaldera: akordio zabalen bila edo apurtzeko asmoz».

Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ohartarazi du sozialistek ez dutela parte hartuko «autodeterminazio eskubidea ageri den ezein testutan». Borja Senperrek (PP), berriz, uste du EAJk eta EH Bilduk «ezarritako bidea betetzen» ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.