Euskadi Next hobetzeko elkarlana eskaini dio EH Bilduk Jaurlaritzari

EBko funtsen gaian udalen %64 alde batera uztea egotzi dio. Urtaran Eudeleko burua, pozik

Irune Lasa.
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Erreakzio epel bat eta bero bat jaso du Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Next planak. Oposizioko alderdi nagusiak, EH Bilduk, gauza onak ikusi dizkio Jaurlaritzak Europako Errekuperazio Mekanismotik 5.700 milioi euro erakartzeko aurkeztutako 188 proiekturen zerrendari, baina esan du hobetu daitekeela, eta bere elkarlana eskaini dio hala egiteko. Eudelen izenean, Gorka Urtaran Gasteizko alkate jeltzaleak, ordea, ontzat jo du zerrenda, eta udalek funtsen erabileran zeresana izango dutela azpimarratu du.

Jaurlaritzari udalak alde batera uztea egotzi diote, ordea, Maddalen Iriarte eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek. Ziurtatu dutenez,proiektuen zerrendak ez du herri ikuspegirik, hein handi batean zerrenda osatzeko prozeduran udalen partea ez delako izan behar bezalakoa, hiru hiriburuetako udalena izan ezik. Horrek, esan du Oterok, «kanpoan uzten ditu biztanleen %64».

Agiria egiteko orduan Jaurlaritzak erakutsitako «gardentasun faltaren» ostean, Maddalen Iriartek uste du behar-beharrezkoa dela Euskadi Next dokumentua beste eragileetara zabaltzea, «haren defentsa bateratua» egin ahal izateko Madrilen eta Bruselan. «Kontsentsu batek Madrilen negoziazio indartsuagoa eta zorrotzagoa ahalbidetuko luke», Mikel Oteroren ustez. Izan ere, legebiltzarkidearen aburuz, «badirudi nahiko zaila izango dela» eskatutako diru guztia lortzea, eta horren ondorioz negoziazioa «azpitik» joatea.

EH Bilduk inprobisazio pixka bat antzeman du Euskadi Next programaren lehen agirian; besteak beste, ez duelako zehazten zenbat diru jarriko duten erakunde publikoek proiektuetan. Agiriak «literatura ona du», Mikel Oteroren aburuz, «baina argi dago hobetu daitekeela».

Horretarako, lankidetza eskaini du EH Bilduk. Aurkeztutako proiektuetako askorekin ados dago, baina informazio gehiago nahi luke bakoitza behar bezala baloratzeko. Xehetasun bila, informazioa eskatuko die Jaurlaritzari, diputazioei eta hiriburuetako udalei. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuaren agerraldia ere eskatuko du Legebiltzarrean.

Urtaranek, berriz, uste du Euskadi Nextek aintzat hartu duela udalek egindako eskaera; «alegia, Europako funtsetan beraien parte hartzea bermatuko duten mekanismoak arbitratzeko aukera izatea eta funtsak Euskadiko udalerri guzti-guztietara iristea».

Eudeleko buruak azaldu duenez, udalek hiru bide izango dituzte funtsak eskuratzeko. Lehenik, «Euskadiko udalerrientzako zuzeneko laguntzak», zeinak Jaurlaritzak eta foru aldundiek kudeatuko dituzten. Bigarren bidea Jaurlaritzak bultzatutako udal izaerako proiektuei dagokiena izango da: «esaterako, Uraren Euskal Agentziak egin ditzakeen obrak, bai eta udalerrietan degradazio handiena duten auzoetan etxebizitzak birgaitzeko eta berroneratzeko beste batzuk ere». Hirugarren bidea «Estatuko leihatila da; bertan, Estatuko Aurrekontu Orokorren arabera, 1.483 milioi euro emango dira 2021ean Estatuko toki erakunde guztietarako».

Urtaranen iritziarekin ez datoz bat Eudeleko bi lehendakariordeak, Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Nagore Alkorta (EH Bildu). Iñigo Urkulluri eskutitz bat bidali diote, proiektuak hautatzerakoan udal gehienen iritziak ez biltzeagatik. «Bi abiadurako Euskadi bat» sor dezake programak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.