Myanmarko armadak talde etniko armatuen aurkako erasoak eten ditu

Zuzeneko eraso militarrak geldiaraziko ditu, baina ez manifestarien aurkakoak. Beste kargu bat egotzi diote Aung San Suu Kyiri

Manifestariak, Myanmarko Konsituzioa erretzen, atzo, Mandalay hirian.. SINADURA / AGENTZIA.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Su-etena hitzeman du Myanmarko junta militarrak, baina ez erabatekoa. Talde armatu etnikoen aurka zuzeneko erasorik ez duela egingo iragarri zuen atzo, baina horrek ez die eragingo manifestariei. Katxin eta Karen estatuetan azken egunetan izandako borroka armatuen eraginez, indarkeria maila koxka bat igo da herrialdean, hain justu, junta militarra boterean jarri eta bi hilabete igaro diren honetan. Juntak testuinguru horretan iragarri zuen zuzeneko erasoak etengo dituela.

«Oraindik herritar armagabeak hiltzen eta torturatzen ari dira», salatu zuen AAPP Preso Poilitikoen Babeserako Elkarteko idazkari Ko Bo Yik, su-etenaren berri ematearekin batera. Izan ere, meniatik salbuetsita geratu dira militarren aurkako gainerako protestak, eta, horrenbestez, juntak baimena aitortu dio bere buruari segurtasuna arriskuan jar diezaioketen ekintzen aurkako neurriak hartzeko.

KIA Katxingo Independentziaren Armadaren aurkako borroketan Myanmarko Armadako hogei soldadu hil eta hurrengo egunean deklaratu zuen juntak su-etena. KIAk konboi militar bati eraso egin zion herenegun Mohnyin hirian, DVB News atariaren arabera, eta eraso horretan hil ziren hogei lagun. Antolakunde horrek berak Shwegu hiriko Polizia etxearen aurka ere egin zuen, «disidentziaren aurkako errepresioaren pean hildako zibilengatik».

Herrialdeko talde armaturik indartsuenetako bat da KIA. Ipar-ekialdeko estatuaren independentziaren aldeko mugimenduaren barruan, adar armatua ordezkatzen du. Estatu kolpea baino lehenago ere ohikoak ziren haren eta armadaren arteko borrokak. NLD Demokraziarako Liga Nazionalak gidatutako gobernuarekin ere oso kritikoa zen, Katxingo herritarren autonomia eskariak sistematikoki errefusatzeagatik. Myanmarko gobernua etsaitzat duenez gero, armada boterean jarri osteko lehen egunetan ez zuen haren aurkako jarrera irmorik hartu, kezka adierazteaz harago. Protestak Katxinera hedatu ziren otsail erdialdean, ordea, eta, armadaren esku hartzea tarteko, haren aurkako manifestarien aldeko jarrerara geroz eta gehiago gerturatu da.

Hego-ekialdeko Karen estatuan ere borroka fronte bat irekita dauka junta militarrak. Inguru horretan aire erasoak egin ditu armadak azken egunetan, eta gutxienez hamalau lagun hil, Free Burma Rangers gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Horre gain, herrialdearen egoera ezegonkorra gordin bistaratzen du estatu horrek. Thailandiarekin muga egiten du, eta Myanmarretik ihes egin duten askok handik ihes egin dute. 20.000 lagun baino gehiago desplazatu dira estatu kolpeaz geroztik, eta horietako askok bide hori erabili dute.

CRPHren keinua etniei

Gutxiengo etnikoek Myanmarko biztanleriaren %30 inguru osatzen dute, eta horien pisua baliatu nahi dute estatu kolpearekin kargua galdu zuten agintariek. Haiek osatutako eta bere burua «gobernu legitimotzat» duen CRPH Batasunaren Biltzarrerako Ordezkarien Batzordeak «indarrak batzeko» deia egin zien, junta militarrari aurre egiteko. Talde etnikoen sostengua lortzeko beste keinu bat egin zuen atzo batzordeak, prest agertu baitzen Myanmar «nazio federal» bihurtzeko, «justizia eta eskubide berdintasuna» bermatzeko bidea hori dela argudiatuta.

Horrez gain, CRPHk «deuseztatutzat» jo zuen 2008ko Konstituzioa, eta horren ordezkoa.«Karta demokratiko federal» bat proposatu zuen, horren ordezkoa izatea nai duena. Militarrek herrialdearen agintea uztea onartu zuten 2011n, eta hiru urte lehenago ezarri zuten konstituzioa. «Myanmarren batasuna» arriskuan bada, armadak botere politikoa bere gain hartzeko eskubidea duela dio. Parlamentuko ordezkarien laurdenak armadak izatea eta Barne, Defentsa eta Muga ministerioak kontrolatzea ere baimentzen du.

Nazioarteko herrialdeei ere bidali zien mezua CRPHk atzo, aldi berean. Htin Linn Aung ordezkariak «esku hartze militar bat» eskatu zuen, Efe berri agentziari emandako elkarrizketa batean. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari egin zion horretarako deia, baina, erantzunik jaso ezean, nazioarteko erakunde horretatik kanpoko estatuek ere herrialdean esku hartzearen alde agertu zen.

Myanmarko auzitegi batek Sekretu Ofizialen Legea urratu izana egotzi zion Aung San Suu Kyi Estatu kontseilari ohiari, Myanmar Now atari digitalak zabaldu zuenez. 14 urteko kartzelaldiarekin zigortzen da delitu hori Myanmarren, eta Bakearen Nobel saridunari egozten dizkioten karguetarik larriena da. Bideokonferentziaz egindako auzi saio batean jakinarazi zioten kargu horrekin ere auzipetuko dutela. Estatu kolpeaz geroztik, etxean dute atxilo Aung San Suu Kyi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.