Negoziazioetan urratsik egin nahi ez izatea leporatu diote Bogotari

Barne ministroak «terrorista infiltratuei» egotzi dizkie istiluak. Calin izan da Duque presidentea

Manifestazio bat, joan den astelehenean, Bogota hiriburuan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Bi aste daramatzate protestan Kolonbian, eta, tarte horretan, gutxienez 47 pertsona hil dituzte, Temblores gobernuz kanpoko erakundearen eta Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketa Institutuak egindako zenbaketen arabera. Ivan Duque presidenteak herenegun iluntzean egin zuen bilera apirilaren 28ko greba orokorrerako deia egin zuen batzordearekin, baina akordiorik gabe amaitu zituzten elkarrizketak.

Bakerako goi ordezkari Miguel Ceballosen esanetan, lehen elkarrizketek balio izan zuten negoziazioak hastea adosteko: «Gobernu nazionala une honetatik bertatik prest dago negoziazio mahai bat aurreratzeko Lanuzterako Batzorde Nazionalarekin, Eliza katolikoarekin eta NBEren [Nazio Batuen Erakundearen] laguntzarekin adostuko ditugun gaiei buruz».

Manifestazioak bultzatu dituen batzordeak, baina, urratsa ontzat eman zuen arren, iritzi zion gobernua motz geratu zela: «Gobernuak ez zuen ezer zehatzik esan bi gai nagusien inguruan: protesten bermeak eta segurtasun indarrek baliatutako gehiegizko indarkeria. Ez nuen ikusi negoziatzeko prest dagoen presidenterik. Ilusiorik gabe irten ginen negoziazioetatik», kritikatu zuen Diogenes Orjuelak, Kolonbiako Langileen Zentral Batua sindikatuko ordezkariak. Hala, atzoko beste greba nazional bat antolatu zuten sindikatu eta gizarte eragileek, apiriletik egiten duten hirugarrena.

Protestak Calin

Cali hirian izan zen atzo Duque, azken egunetan protesten erdigune bilakatu den lekuan, gobernuaren kezka adierazteko asmoz. Estatuburua han izan zen herenegun ere, eta lau orduz egon zen bilduta udal gobernuko ordezkariekin; ez zuen, ordea, hitzik egin manifestarien ordezkariekin. Aldiz, manifestariei eskatu zien ken zitzatela hiriko hainbat tokitan jarritako barrikadak, eta indigenei, berriz, itzul zitezela etxera, «istilu gehiago eragozteko».

Duqueren bisitak ez zuen balio izan giroa baretzeko. Gauean protestak lehertu ziren beste behin ere Cali hirian, baita tiro hotsak eta manifestarien oihuak entzun ere. Sare sozialetan zabaldutako irudietan herritarrek salatu zuten segurtasun indarrek tiroka erantzun zietela esku hutsik zeuden manifestariei. Zaurituak eta atxilotuak izan ziren Bogota hiriburuan egindako manifestazioan ere. Antolatzaileen arabera, gutxienez lau manifestari atxilotu zituzten. Zaurituen artean, berriz, Colombia Informa kateko kazetari bat dago.

Manifestariek Poliziari eta «banako armatuei» leporatzen dizkiete hildakoak, baina gobernuaren ikuspegia bestelakoa da. Kolonbiako Barne ministro Diego Molanok borroketan zauritutako polizietan jarri zuen arreta, eta esan zuen protestak hasi zirenetik 850 izan direla. Molanok «terrorista infiltratuei» egotzi zizkien erasoak: «Cali hirian hainbat erakunde kale istiluak eragiten ari dira».

Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 647 pertsona atxilotu dituzte protestak hasi zituztenetik, eta 378 suzko arma atzeman. Giza Eskubideen Presidentetzarako Ikuskaritzak zabaldu duenez, ordea, polizia gehiegikeriarekin lotutako 55 salaketa ikertzen ari da Kolonbiako Fiskaltza. Bitartean, manifestazioak hasiz geroztik desagertutzat emandako 168 pertsonak bilatzeko lanak hasi zituen atzo arartekoak, Poliziarekin eta fiskaltzarekin batera. Horietatik gehienak, 56, Antiokia departamentuan desagertu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.