Kuban mobilizazio deialdiari eutsi diote, gobernuak debekatu arren

Sustatzaileek «aldaketa politikoa» eskatu dute. Habanak AEBen esku hartzea salatu du

Kubako diasporako talde bat uharteko gobernuaren kontra protestan, atzo, Floridan (AEB). C.H. ULASHKEVICH / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Kuban izan ziren azken ezohiko protestetatik lau hilabetera, «diktadura» amaitzearen aldeko mobilizazioetara deitu dute berriz uharteko hiririk handienetan eta atzerrian. Manifestazio «zibikoak eta baketsuak» iragarri dituzte, eta herritarrei eskatu diete zuriz jantzita irten daitezela kalera, izara zuriak zabaldu ditzatela etxeen kanpoaldean, edo lapikoak jotzen eta telebista itzalita egin dezatela bat protestarekin. Gobernuak, baina, uztailean egin bezala, debekatu egin ditu mobilizazioak, argudiatuta Kuba «ezegonkortzea» dutela helburu eta konstituzioaren kontrakoak direla. Habanak salatu du AEBen esku hartze kanpaina bati erantzuten diotela.

Protestara deitu duen taldeak, Archipielagok, ukatu egin du Washingtonen aginduetara jarduten duenik, eta gobernuari leporatu dio esku hartzearen argudioa erabiltzea herritarren eskubideak murrizteko. Protestetarako deialdian azaldu du «miserian» bizi direnen egoera, «oinarrizko produktuak eskuratzeko dibisak» ez dituztenena eta inflazioa pairatzen ari direnena salatu nahi dutela. Deitzaileek gaineratu dute Kubak ezin duela «burokraten etxalde bat izaten jarraitu», eta ezin duela «gutxiengo baten gutizien menpe egon».

Edizio hau ixterako, ez zen mobilizaziorik izan uhartean. Baina gobernuaren aldeko hainbat talde kalera irten ziren Kuban goizak argitu eta gutxira. Elkarretaratzeak egin zituzten Archipielago plataformako kide ezagunenen etxeen aurrealdean, «iraultza babesteko». Deitzaileek adierazi zutenez, segurtasun indarren presentzia ere handia izan zen kaleetan. Plataformako hainbat kidek beren etxe aurreko elkarretaratzeak eta segurtasun indarren «jazarpena» salatu zituzten; besteak beste, Yunior Garcia Aguilera eta Saili de Amarillo buruzagiek. Beste hainbatek Poliziaren «mehatxuak» eta «Internet mozketak» salatu zituzten.

Uztailaren 11n izandako ezohiko protesten karietara sortu zuten Archipielago plataforma. Gobernuaren politiken kontrako manifestazioak izan ziren egun horretan herrialdeko hainbat hiritan. Kubako egoera ekonomikoa eta pandemiaren kudeaketa salatu zituzten, «diktadura» gaitzesteko leloak oihukatu, eta «askatasuna» aldarrikatu. Gobernuak legez kanpokotzat jo zituen protestak, deitzaileek ez zutelako manifestazioak egiteko baimenik eskuratu, eta atxiloketekin erantzun zuen —pertsona bat hil zen protestetan—. Gainera, Manuel Diaz-Canel presidenteak AEBen esku hartzea salatu zuen, eta Kubako Gobernua «ezegonkortzeko» helburua izatea leporatu zien protesten bultzatzaileei. Archipielagok «preso politikoak» askatzeko galdegin dio Habanari.

Kubako Gobernuak Etxe Zuriaren ezkutuko eragin asmoekin lotu ditu gaurko protesta deialdiak ere. Bruno Rodriguez Parrilla Atzerri ministroaren esanetan, «AEBetako hainbat botere zentrotatik antolatutako operazio bati» erantzuten diote. Haren iritziz, AEB saiatzen da Kuba «porrot egin duen estatu baten modura» aurkezten, baina ahalegina «antzua, desesperatua eta inozoa» da. «Kubak ez du inoiz onartuko atzerriko gobernu batek gure lurraldean esku hartzea», ohartarazi du.

Kubaren «ezegonkortze» politikorako AEBek «komunikazio makineria boteretsua» erabiltzen dute, ministroaren arabera, eta, bereziki, sare sozialen erabileraz ohartarazi du: «Facebooken badira talde pribatu batzuk legez kanpo jarduten dutenak. Horietatik, geolokalizazio sistemak moldatzen dituzte beste herrialde batean bizi diren pertsona batzuk, batez ere AEBetan, era masiboan Kuban daudela irudikatzeko».

Zailtasun ekonomikoak

Uztaileko protesten ostean, Diaz-Canelek aitortu zuen herritarrengan «haserrea» eragin zutela oinarrizko elikagaien eta sendagaien gabeziak, elektrizitate sareko mozketek eta pandemiak egoera horri arazoak gehitu izanak. Herritarren kexuek gobernua zenbait neurri hartzera behartu zuten. Besteak beste, ezabatu egin zituen uhartera bidaiatzen zutenek herrialdera inportatu zezaketen elikagai, sendagai eta garbitasunerako produktuen gehienezko kopurua, herrialdeko zentral elektrikoak berrikusiko zituela agindu zuen, «ekoizpen ahalmena nabarmen hobetzeko», etaCOVID-19aren kontrako txertatze kanpaina azkartuko zuela ere hitzeman zuen.

Kubak COVID-19aren kontrako hainbat txerto garatu ditu, eta hilaren amaierarako biztanleriaren %90 txertatuta egotea espero dute. Hori dela eta, ikasleak ikastetxeetara itzuli ziren atzo, eta atzo zabaldu zion atea berriz ere atzerriko turismoari. Azken neurri horrek arnasa emango dio Kubako ekonomiari, pandemiak eta AEBen zigor ekonomikoek estu hartua baitute.

Herritarren kexen aurrean, Habanak nabarmendu du AEBek uhartearen kontrako enbargoa indartu zutela eta 243 zigor ekonomiko ezarri zizkiotela Donald Trumpen agintaldian, eta indarrean jarraitzen dutela Joe Bidenen agintean ere, nahiz eta Etxe Zuriak iragarri zuen Kubarekiko politika «berrikusiko» zuela, uztaileko protesten ostean. Rodriguez Parrillaren iritziz, AEBak «herritarrentzako sufrimendu egoerak sortzen» ahalegintzen ari dira «eztanda sozial baterako baldintzak» sustatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.