Lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Marzuki Tunisiako presidente ohiari

«Estatuaren segurtasunaren aurka» egitea leporatu dio Tunisiako justiziak. Saied presidenteari «estatu kolpe bat» ematea egozten dio estatuburu ohiak

MOHAMED MESSARA / EPA.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
«Estatuaren segurtasunaren aurka egitea» leporatuta, Tunisiako auzitegi batek lau urteko espetxe zigorra ezarri dio, auzi-ihesean epaituta, 2011 eta 2014 artean herrialdeko presidente izandako Moncef Marzukiri. Kais Saied Tunisiako egungo presidentea ez babesteko eskatu zion nazioarteari, duela bi hilabete emandako elkarrizketa batean.

Marzuki Parisen bizi da, etaurrian France 24 telebista katean elkarrizketatu zuten. Frantziako Gobernuari eskatu zion azaro erdialdean Djerba uhartean (Tunisia) egitekoa zen Frankofoniaren Nazioarteko Elkartearen 18. biltzarra bertan behera utz zezala—atzeratu egin zuten, osasun arrazoiengatik—, Saiedi presio egiteko neurri gisa; izan ere, Marzukik uste du 2019ko urritik presidentea denak «estatu kolpe bat» eman zuela uztailean.

Adierazpen horiek egin eta bi egun geroago, presidenteak eskatu zion Justizia Ministerioari has zedila Marzuki ikertzen, eta iragarri zuen pasaportea kenduko ziola, Tunisiaren «etsaia» dela iritzita. Hori aintzat hartuta, intelektual talde batek giza eskubideen aldeko ekintzailea izandakoa babesteko eta «prozesu irrigarri bat» kontsideratzen dutena salatzeko manifestu bat kaleratu zuen.

Presidente ohiak eta baita Tunisiako alderdi politiko gehienek ere uste dute Saiedek estatu kolpe bat eman zuela joan den uztailean: «bake soziala berreskuratu» nahi izatea argudiatuta, salbuespen egoera ezarri zuen, eta bere egin zituen estatuaren botere gehienak, parlamentuaren jarduna bertan behera utziz eta 2014an onartutako konstituzioa ia guztiz ezereztuz.

HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak atzo salatu zuen Tunisiako Gobernuak politikariak, kazetariak eta zibilak auzipetzen eta kartzelatzen dituela presidentea kritikatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.