Gerra Ukrainan

NBEko idazkari nagusiak su etena eskatu du Moskura egindako bisitan

Errusiak esan du NBErekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean jardungo duela zibilak babesteko

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, atzo, Moskura egindako bisitan, Kremlinen. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek atzo ekin zien Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake elkarrizketei, «berehalako» su eten eske. Aurretik iragarri bezala, Errusiako presidente Vladimir Putinekin batzartu zen, aurrez aurre, Kremlinen, Sergei Lavrov Atzerri ministroarekin bildu ostean. Aitortu zuen «eztabaida franko» izan zituela biekin, eta argi esan ziela Errusia dela Ukraina inbaditzen ari den herrialdea: «Ukrainako tropak ez daude Errusiako Federazioan; bai, ordea, Errusiako armada Ukrainan». Kezka ere agertu zuen gerra krimen posibleengatik, eta gertakari horien inguruko «ikerketa independente bat» abian jartzeko eskatu zuen. Gainera, adierazi zuen NBEk «baliabide guztiak» eskainiko dituela Errusiak setiatua duen Mariupol hirian (Donetsk oblasta) babesik gabe dauden milaka zibil salbatzeko, eta Moskuri eta Kievi galdegin zien korridore humanitario seguruak irekitzea.

Ordu batzuk geroago mintzatu zen Putin. Errusiako presidentearen arabera, Guterresi esan zion oraindik espero duela «bide diplomatikoak» ibilita akordioak lortu ahal izatea. Iruditzen zaio Istanbulen bi aldeek izandako elkarrizketak «aurrerapauso handia» izan zirela, baina horiek nahastu egin zirela Errusiari Butxa hiriko hilketak egotzi zaizkiolako. «Errusiako armadak ez du horrekin zerikusirik». Nolanahi ere, elkarrizketekin jarraituko dutela azpimarratu zuen.

Guterresek egindako agerraldiaren ondoren, Errusiako Atzerri ministroak hartu zuen hitza, eta nabarmendu Moskuk NBErekin eta Gurutze Gorriarekin «elkarlanean» jardungo duela zibilak babesteko. Hori bai, kexu azaldu zen Mendebaldeak Ukrainan duen parte hartzeagatik, Errusia «mugatu, kontrolatu eta egoera larriagotu» egiten duelako. Ildo beretik, Mendebaldeari egotzi zion «espazio geopolitikoan arau hausteak egitea», eta Kremlinen baieztapena berretsi zuen; alegia, Ukraina ekialdeko Donbass eskualdeko biztanleak «naziengandik» askatu behar direla. Errusiaren eta Ukrainaren arteko elkarrizketetan bitartekaritzaz hitz egiteari dagokionez, berriz, «goizegi» da Lavroven ustez. Halere, gogorarazi zuen Moskuk «konpromisoa» duela Kievekin negoziazioen bidez irtenbide diplomatiko bat lortzeko.

Bien bitartean, Mendebaldeak Ukraina armaz hornitzen segitzen du. Alemaniako Defentsa ministro Christine Lambrechtek iragarri du Ukrainari lehen aldiz Gepard motako 50 bat tanke emango dizkiola. Hala berretsi zuen atzo, Ramsteinen (Alemania), AEBek han duten aire basean egindako goi bileran. Bertan izan ziren, besteak beste, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkaria, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia eta Europako Batasuneko herrialde gehienetako defentsa ministroak.

Bada, Lavrovek atzo adierazi zuen Ukraina mendebaldeko arma biltegiak, NATOk hornituta, helburu «legitimoak» direla Errusiako armadarentzat. «NATO Errusiarekin gerran sartzen bada ordezkari baten bidez eta ordezkari hori armatzen badu, orduan dena da bidezkoa». Bidenabar, haren hitzetan, Ukrainari armak bidaltzea AEBen «garbitasun faltaren beste adibide bat» da, eta nazioarteko zuzenbidearen baldintzak «urratzen» dituzte. Horiek horrela, ohartarazi zuenez, gerra nuklearraren arriskua «larria da, benetakoa, eta ez da gutxietsi behar».

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo bidalitako azken mezuan esan zuen Errusiak guda «galdu» egingo duela, eta adierazi Ukrainak jada lortu duela Errusiako tropek okupatutako 931 kokaleku askatzea. «Gerra hau benetan herri gerra bihurtu da Ukrainarentzat. Eta erakutsi dugu ideia ukrainarra ere indartsua dela, baita herrialde osoan ere», zehaztu zuen. «Denbora kontua baino ez da izango gure lurraldea askatzea».

Gasa moztuz erantzunez

Mendebaldeak Errusiaren aurka ezarritako zigorrei erantzunez, Poloniako PGNIG konpainiak atzo jakinarazi zuen Errusiak gas hornidura etengo diola gaurtik aurrera, Errusiari gasa errubloetan ez ordaintzeagatik. PGNIGk ohar baten bidez iragarri zuenez, ostiralean amaitu zen Moskuk ezarritako epea energia inportazioak errublotan ordaintzeko, eta Varsoviak uko egin zion horri. Arrazoi berarengatik Bulgariari ere moztu dio gas jarioa Errusiak, Reuters berri agentziaren arabera.

Bestalde, Transnistriako presidente Vadim Krasnoselskik atzo salatu zuen herenegundik gobernuaren aurkako hiru eraso izan direla: azkena, atzo, Segurtasun Ministerioaren egoitzaren kontrakoa. Ukrainatik zetozen identifikatu gabeko hiru pertsonari leporatu zieten eraso horiek egitea, Interfax agentziaren arabera. Transnistria Moldaviako herrialde independente bat da de facto, eta Errusiarena da duen babesik garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.