Gerra Ukrainan

G7ko herrialdeek «behar bezain luze» babestuko dute Ukraina

«Nekazaritza ontzientzako pasabide aske bat» irekitzera deitu dute munduko estatu industrializatuenek Mosku. Errusiako armadak Krementxuk bonbardatu du, eta gutxienez hamahiru lagun hil ditu

G7ko eta Europako Batasuneko agintariak, Elmaun (Alemania), herenegun. THOMAS LOHNES / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
G7ko herrialdeek gerra luze bat aurreikusten dute Ukrainan: herrialde horri babesa berretsi diote, «behar bezain luze», gainera. Eta ez edonolakoa, Kievi sostengu «finantzarioa, humanitarioa, militarra eta diplomatikoa» emango baitiote munduko estaturik industrializatuenek epemugarik gabe.

Alemaniak, Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Japoniak, Kanadak eta Italiak urtero izaten duten goi bilerak espero baino garrantzi handiagoa hartu du aurten, Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz. Herrialde horietako agintariak Elmaun elkartu dira (Alemania) , Europako Batasunekoekin batera, eta gaur amaitzekoa den bilkuran erabateko babesa erakutsi diote Ukrainari, hango presidente Volodimir Zelenskik atzo laguntza eskatu baitzien urtea amaitu aurretik bukatzeko gerra.

Besteak beste, Zelenskik laguntza hau nahi du Mendebaldeko aliatuen partetik: hegazkinen aurkako defentsak, herrialdea berriz eraikitzeko laguntza, eta Errusiak gariaren esportazioari ezarri dion blokeoa desegiteko estrategiak. Hain justu, atzoko oharrean, G7koek Moskuri eskatu zioten Itsaso Beltzean «nekazaritza ontzientzako pasabide aske bat» irekitzeko, baina badirudi oraingoz ez dela halakorik gertatuko, Errusiako Gobernuak esana baitu lehenik minak kendu behar direla.

Gerra frontean, iragan asteburuan Kiev hiriburuari berriz eraso egin ondoren, Errusiako armadak Krementxukeko saltoki gune bat bonbardatu zuen atzo. Hiri hori Ukraina ekialdeko frontetik 200 kilometrora dago, eta, agintarien arabera, gutxienez hamahiru lagun hil eta 50 zauritu zituzten. Bonbardaketa gertatu zenean, mila lagun inguru zeuden eraikinean, Zelenskiren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.